Bretoiera Metig Jakez-Vargas

urtarrila
16
asteazkena
19:00
2019
Ortuño aretoa

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 4. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: mapuzugun-a, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera.

Ikasturteko hirugarren hizkuntza, eta 2019ko lehena, bretoiera izango da.  Metig Jakez-Vargas ekintzaileak hurbilduko digu.

Parte hartzeko izena eman behar da.

Bretoiera Bretainiako mendebaldean hitz egiten den hizkuntza zeltiarra da, eta Bretainia inguruan hitz egiten den bi hizkuntzetako bat da (bestea, galiera, hizkuntza erromantzea da eta ekialdean hitz egiten da). Hizkuntza zeltiarrak bi adarretan banatzen dira, britoia eta gaelera. Lehenengoan galesa, kornubiera eta bretoiera daude; bigarrenean, berriz, manxera eta Eskoziako eta Irlandako gaelerak.

XX. mende hasieran milioi bat hiztun pasatxo zituen arren, gaur egun milioi laurdena omen ditu (ezin da neurketarik egin Frantziar estatuan). Zorionez, hizkuntzaren aldeko ekimenak indarra hartzen ari dira.

Metig Jakez-Vargas 26 urteko bretainiarra da, Karaez hiriburu kulturalekoa. Bere aita, Fulup, Ofis Publik ar Brezhoneg (Bretoieraren Erakunde Publikoa) delakoaren zuzendaria da, eta bere ama, berriz, institutuko gaztelania irakaslea (kolonbiarra) da. Metig-ek historia ikasi zuen eta kazetaritza amaitzen ari da egun. Bretoieraren aldeko aktibista da eta hizkuntza horretan sortu nahi duten egitasmo komunikatibo baten atzean dago. Bitxikeria gisa, bretoieraz grabatzen den Pekin-Express moduko lehiaketan hartu zuen parte.

Aurten lehen aldiz zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko

Aurten ere zikloak UPV/EHUGarabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.

Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentat etaUPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte hartze ziurtagiria lortuta).

  • Hitz Adina Mintzo:

Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina MintzoBeñat Garaiorekin elkarlanean. Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu. Bertan hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkezten du. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira.

  • 2015etik hona aurkeztutako hizkuntzak:

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa, lenkera eta ekialdeko txerokiera , Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu hizkuntzak landu dira (ikusi saioen bideoak).

Hurrengo saioak:

  • Otsailak 20, asteazkena:Hassaniera
    • Elyem Chej Gizarte Hirigintzako teknikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Martxoak 20, asteazkena: Parmera
    • Sara Agnetti fisioterapeuta
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Apirilak 10, asteazkena:Lemkera
    • Jon Mikel Intsausti informatikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen