Zineleku 2018

ZINELEKU ikus-entzunezkoen formakuntza, ekoizpena eta emanaldiak ardatz dituen programa da. Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko 18 – 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta ikus-entzunezkoen sortzaile berriei diziplinarteko formakuntza eskaintzea du helburu, ikuspuntu komunitario batetik abiatuta, betiere.

Murgiltze proiektu hau Gasteizko hirigune zaharrean gauzatzen da, elkarrekintza eta hartu-emana sustatzen duen espazio batean. Parte-hartzaileak Santa Maria aterpetxean biziko dira elkarrekin hamabi egunez. Bitarte horretan zinema lantegi eta zinemagintzako edota beste arte batzuetako profesionalen eskola magistraletara joango dira, eta proiekzio, performance eta kontzertuetan parte hartu ahal izango dute.

ZINELEKU 2018k aukera zinematogra­fikoen ikuspegi zabala eskainiko du. Izena emateko epea ekainaren 8ra arte irekita egongo da. Aurtengo programan soinu lanketari (esperimentaziotik hasita, postprodukzio profesionaleraino) eta Super 8mm-ko fi­lmaketa eta errebelatuari erreparatuko zaio bereziki.

Hauek izango dira, besteak beste, irakasle gonbidatuak eta jorratuko diren gaiak:

· Sra Polaroiska. Performancea eta esplorazio fi­lmikoa.

· Paul Urkijo. Proiektuen garapena.

· Marian Fernández. Proiektuen garapena.

· Ana Pfa­. Proiektuen garapena.

· Mar Coll. Proiektuen garapenerako aholkularitza. / Zine zuzendaritza.

· Xabier Erkizia eta Luca Rullo. Soinu esplorazioa

· Martín Guridi. Soinuaren postprodukzioa.

· Mursego. Musika esperimentazioa eta soinu banda.

· Clara Sánchez Dehesa. Super 8mm-ko errebelatua eta proiekzioa.

· Garbiñe Ortega. Programazioa eta zinemagintzako komisariotza.

· Carlos Casas. Proiektuen gauzatzea.

· Idoia Zabaleta. Begiradaren mugimendua eta eraikuntza.

· Zazpi T’erdi. Dagoenarekin ekoizten. / Esplorazio Filmikoa.

Zineleku 2018 Arabako Foru Aldundiko Gazteriaren Foru Erakundeak antolatutako programa da, eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen laguntza ere badu. KalakaLab-ek sustatutako proiektu honek hiru urte beteko ditu aurten.

Sormena bizitzeko laborategi gaztea

Gazte sortegiak” sormen laborategiak eskola forma hartuko du 18-19 ikasturtean. Urritik apirilera bitartean garatuko da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero. Oihane Pereak, Jon Basagurenek, Unai Lopez de Armentiak eta Maider Oleagak bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoen laborategiak landuko dituzte bertan, hurrenez hurren. Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 17ra arte. Behin betiko matrikula irailaren 10etik 24ra egin beharko da.  Eskolak 100 €ko prezioa du.

Apirilean Kanpezun egindako sormen egonaldiari jarraipena emango dio eskolak. 14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta,  “Gazte sortegiak” sormen laborategiak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea du helburu.   

18-19 ikasturtean urritik apirilera bitartean garatuko da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, arratsaldeko 17:00-18:30 artean, zehazki. Eskola borobiltzeko, amaieran sormen asteburua egingo da.

 

Bertsolaritza, musika, antzerki-dantza eta ikus-entzunezkoen laborategiak:

Ikasturtean zehar  4 sormen laborategi landuko dira. Hasteko, urriaren 1etik azaroaren 5era, Oihane Pereak, Arabako  Bertsozale Elkarteko eragilea eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Bertan jolasen bitartez errima, doinuak, inprobisazioa eta hitza landuko dira, bertso-sorta desberdinak sortuz.

Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean. Bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta musikaren egungo errealitatean sakondu eta abesti berriak sortuko dira sorkuntza prozesu osoa biziz: melodia, instrumentuak, hitza eta grabazioa.

Unai Lopez de Armentiak, antzerkilaria eta Baratza aretoko arduraduna, antzerkia eta dantza uztartuko ditu Antzerki–dantza laborategian. 2019ko urtarrilaren 7tik  otsailaren 11ra gorputz adierazpenaren bitartez dinamika desberdinak proposatuko ditu; talde entzumena eta inprobisazioa lantzeko, akatsen aurrean jarrera asertiboa izateko…

Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, otsailaren 18tik apirilaren 1era. Zinemaren marko teorikotik abiatuta eskolako bizipenak irudien eta soinuen bitartez adieraziko dituzte, zinemaren aukera eta mugetan arreta jarriz.

Izen-ematea:

Eskolak, amaierako asteburua barne, 100 €ko prezioa du. Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 17ra arte. Behin betiko matrikula irailaren 10etik 24ra egin beharko da.  

Interesdunek sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez eman beharko dute izena, izen-abizenak,  NAN-a, jaiotze data, ikastetxea, herria eta auzoa eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. Plazak mugatuak dira, beraz izen-emate hurrenkera errespetatuko da.

Gazte Sortegiak sormen laborategia Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimena da, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Topaguneak sustatuta eta Gasteizko Udalak, Arabagara elkarteak eta Vital Fundazioak babestuta.

Nik e-irakurtzen dut. Eta zuk?

Gasteizko Udalaren Liburutegi Sareak abian jarri du eLiburutegia izeneko plataforma zabaltzeko kanpaina, Interneten bidez irakurketa digitala sustatzeko asmoarekin.

2017-2019 aldirako onartu zen IV. Gazte Planaren barruan dago kokatuta kanpaina, eta 12-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, nahiz eta, berez, eskaintzen den zerbitzua herritar guztien mesederako izan.

Liburu digitalak irakurri nahi badituzu eta e-reader, ordenagailu, tablet edo sakelakorik baduzu, hurbildu gizarte etxeko liburutegietara eta eskuratu e-liburutegirako pasahitza. Plataformak Euskal Herriko eta Espainiako argitaletxe garrantzitsuenen milaka liburu eskaintzen ditu, kalitatezko zerbitzu baten bitartez, modu seguru, erraz eta doakoan.

Milaka titulu deskargatu ahalko dituzu: eleberriak, komikiak, bidaiei eta arteari buruzkoak, saiakerak… Une honetan eLiburutegiak 1.400 liburu baino gehiago eskaintzen ditu euskaraz, eta nobedadeak sartu ahala kopuru hori egunetik egunera handitzen doa.

Liburutegiaren txartela baduzu, liburutegiko beste zerbitzuetara sartzeko erabiltzen dituzun datu berberak (bazkide zenbakia eta pasahitza) sartzearekin nahikoa da. Pasahitza ahaztu baduzu, zure liburutegira jo beharko duzu eta berria emango dizute. Oraindik ere Sareko liburutegi publiko bateko erabiltzailea ez bazara, eska ezazu zure txartela udal liburutegian, edozein gizarte etxetan, eta plataformara sartzeko behar diren datuak emango dizkizute. Hurbildu liburutegira eta, edozein zalantza argitu behar baduzu, kontsultatu liburuzainei.

Sakatu esteka hau eta eskuratu informazio osoa, katalogoa, nobedadeak, araudia… Begiratu bat eman eta animatu: euskaraz irakurri eta izugarri gozatuko duzu!

 

Kokapen proposamen berria aztertzearekin batera kudeaketa plana ezinbestekoa da

Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokirako egindako kokapen proposamen berria, Ruiz de Bergara jauregia, sakonki aztertzeko konpromiso irmoa hartu du Lazarraga Kultur Elkarteak (LKE). Bien bitartean, egitasmoa bideragarri egingo duen plana garatuko delako berme sendoa eskatzen du LKEk; proiektu arkitektonikoaz gain, bideragarritasun plana ezinbestekoa baita aurrera egiteko.

Aurreko asteko Euskararen Elkargunean Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea egitasmoarentzako egindako kokapen proposamen berriaren aurrean, Ruiz de Bergara jauregia, LKEk alternatiba sakonki aztertzeko konpromiso irmoa hartu du. Horretarako espazioa berraztertzeko eta egitasmoaren beharren araberako doikuntza aukerak ondo baloratzeko beharrezkoa duen denbora hartuko du.

Era berean, Euskara Elkargunean LKE-ak  egindako proposamena aintzat hartzea eskatzen diogu Udal Gobernuari. Izan ere, kokapen aukera berria mahai-gaineratuko zela jakin aurretik, LKEk Eskoriatza Eskibel Etxadirako aurreikusitako proiektuan fase aldaketa proposatzea zuen aurreikusita. Alegia, Euskararen Etxea izango litzatekeen Eskoriatza Eskibel jauregiaren birgaitzearekin hastea, eta Kafe Antzokiaren proiektua bigarren fase baterako uztea. Fuel oil deposituaren aurkikuntzak suposatuko dituen atzerapenei aurre egiteko, eta Euskararen Etxearen garapenean aurrera egiteko irtenbide egokia zelakoan egin zuen proposamena LKEk.

Kokapena bata edo bestea izan, ikasturte hasieran Udalean abiatutako jarraipen batzordean lantzen hasitako egitasmoaren izaera juridikoa, kudeaketa plana eta diru iturriak guztiz zehazteko eta gauzatzeko bermeak ziurtatzea ezinbestekotzat jotzen du LKEk. Izan ere, egitasmoaren bideragarritasun planak proiektu arkitektonikoaren pareko garrantzia du; biak batera landu behar dira elkarren osagarri direlako; baten faltan egitasmoa hankamotz geratuko litzateke eta berme guztiekin egikaritzeko aukeratik urrun.

Bukatzeko LKEk argi adierazi nahi du badela ordua proiektuaren osotasuna (Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia) kontuan hartzen duen egitasmoari behingoan berme osoz heltzeko. Hiriarentzako eta herrialdearentzako estrategikoa den egitasmo honek aurrera egiteko, orain arte bezala, kontsentsua eta elkarlana ezinbestekoak izango dira.