HIGA! hizkuntza gutxituen hiztun gazteen 2. topaketa

70 hizkuntza ekintzaile harremanetan jarri nahi ditu HIGA! hizkuntza gutxituen hiztun gazteen 2. topaketak, uztailaren 16tik 19ra.

HIGA! Vitoria-Gasteizko Udalaren Gazteria eta Euskara Zerbitzuen, EHUren eta Arabako Foru Aldundiaren elkarlanaren emaitza da. Beñat Garaiok koordinatuta Oihaneder Euskararen Etxea, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, UNESCO Etxea, MHOUK, Kontseilua eta SOAS Unibertsitatearen  laguntza ere badu.

Uztailaren 16tik 19ra gauzatuko da Gasteizen. Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroen barruan eskainiko da eta alor akademikoaz gain alde ludikoagoa ere izango du; hirian zehar gauzatuko diren hainbat ekintza hartuko ditu: hitzaldiak, kontzertuak…

Hizkuntza asko daude munduan, baina denek ez dute bermatuta beraien biziraupena. Hori dela eta, hizkuntza horien biziraupenerako funtsezkoa izango da hizkuntza gutxituetako komunitate ezberdinetako kide gazteen arteko elkartasun eta elkarlana. Etorkizun horretan bidaideak izango diren 70 hizkuntza ekintzaile elkarrekin harremanetan jarri nahi ditu HIGA!k, lau egunez.

Parte hartzeko izena eman behar da. Plaza mugatuak dira eta lehentasuna izango du ahalik eta hizkuntza komunitate gehien egotea  HIGA!-n, beraz, ahalik eta azkarren eman izena. Apirilaren 7an amaituko da izena-emateko epea.

Topaketan erabiliko diren hizkuntza nagusiak euskara eta ingelera izango dira eta hizkuntza hauetarako aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da.