Abian da Gazte Sortzaileak bekaren 2019ko deialdia: gazteek gazteentzat sortutako ekitaldi kulturalak euskaraz sustatu nahi dituen egitasmoa. 17-35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzendua, 4000 € arteko dirulaguntza eskaintzen du, baita aholkularitza profesionala eta lanen estreinaldirako bitartekaritza ere. Datozen asteetan bekak 2018an saritutako sormen-lanak taularatuko dira.
Gazte Sortzaileak deialdiak gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea bilatzen du. Era berean, euskarazko kultura-programazioan eragitea du xede, gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez. Gazteek beren sormena garatzeko aukera-guneak izatea nahi du. 2015az geroztik, urtero, elkarlanean antolatzen dute Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria Zerbitzuek, Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Zerbitzuek eta Oihaneder Euskararen Etxeak.
Beka 17 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzenduta dago, eta hiru kategoria daude, adinaren eta lanaren ezaugarrien arabera. Ideia bat daukan gazteari forma ematen eta taularatzen lagunduko dio; izan ere, proiektua gauzatzeko 4.000 € arteko beka eskaintzen da, eta, nahi izanez gero, intereseko arloko tutoretza profesionala. Beka jaso eta 6 hilabetera ekitaldia estreinatuko litzateke, eta bekadunak horretarako laguntza ere jasoko du.
Parte hartzeko, ahozko ekitaldi kultural bat sortu eta burutu behar da. Ekitaldiak ahozkotasunarekin estu-estu lotua egon eta euskaraz izan behar du. Bakarkako edo taldekako lana izan daiteke, eta hainbat diziplinatako ekitaldiek dute tokia deialdi honetan; esaterako, antzokia, bakarrizketa, musika, bertsolaritza, poesia-emanaldia, ikus-entzunezkoa, performancea eta diziplinen arteko nahasketa.
Lanak aurkezteko epea 2019ko uztailaren 2ra arte egongo da irekia, Udalaren Erregistro Nagusian edo Gizarte Etxeetan aurkezten badira. Posta elektronikoz bidali nahi izanez gero, berriz, epea ekainaren 28an amaituko da, eta helbide honetan aurkeztu behar dira: gazteria@vitoria-gasteiz.org
2018an saritutako egitasmoen artean taularatzen lehena Beñat Goitiak aurkeztutakoa izan zen, “Geruzak”, Montauk taldearen disko berriaren 360 graduko kontzertua. Abenduaren 23an eskaini zuten Oihanederren, arrakasta handiz. Gainontzeko lanak estreinatzeke daude. Urko Saenz de Buruagak “Oskola” musika-saioa landu du eta martxoaren 22an aurkeztuko du Oihanederren. Eguzki Donnellan eta Haizea Beruetek Euskararen Etxean aurkeztuko dute, halaber, euren proposamen artistikoa, “Tripak: huts bete hots” izenekoa. Apirilaren 4an izango da. Egun batzuk beranduago, apirilaren 11n, Eñaut Gorbeak “Aioko uhartea” antzezlana estreinatuko du Aldaben. Bukatzeko Miren Narbaizak eta Joseba Baleztenak “Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada” izeneko emanaldi multidiziplinarra egingo dute Aldaben ere maiatzaren 18an.
Haizea Beruete eta Miren Narbaizaren hitzetan «Gazte Sortzaileak beka aukera bat da, zentzu askotan, sorkuntza lanetan aritu nahi dugun gazte askorentzat”. Izan ere, sorkuntzaren eta sortzaileen munduan murgiltzeko atea ireki dezake bekak “dela proiektua abiatzeko kide sortzaileren bat topatzean, dela prozesuan zehar tutore baten laguntza jasotzean, proiektua garatzearekin batera artistikoki ahalduntzeko formazioren bat jasotzean, edota beste bekadunak ezagutzeko aukera ematean”. Era berean sormen-lanean dabilenarentzat bere proiektua nahieran garatzeko beka bat jasotzea lasaigarria dela nabarmendu dute “askotan proiektu bat aurrera eramateko oztopo nagusia faktore ekonomikoa izaten da eta dirulaguntzak horregatik dira lasaigarri, proiektuan esklusiboki pentsatzea eta buru-belarri lan egitea ahalbidetzen dutelako”.
Gainera, azpimarratu dutenez, Gazte Sortzaileak bekak badu bereizgarri bat, euskarazko sorkuntza bultzatzearena “gaur egun, oraindik ere, oso garrantzitsua iruditzen zaigu euskaraz lanean dabiltzan sortzaileak bultzatzea».
- Deialdiaren oinarriak eta informazioa: www.v-g.eus/gaztesortzaileak -#gazteSortzaileakBeka