Gazte sortzaile bila gabiltza

gi_38054Bai horixe! Sormena landu nahi duzuen gazte bila ari gara.

Antzerki lan txiki bat, bakarrizketa bat, bertso sorta bat, ikusentzunezko bat, poesia emanaldia, bertso trama, kultur ikastaro bat… ideiaren bat baldin baduzue, gurekin harremanetan jarri.

Ideiak behar ditugu; proiektu berriak, alegia: ahalik eta gehien, ahalik eta freskoenak. Interesgarrienak hautatzen saiatuko gara (denak interesgarriak izango direla jakin arren) eta lagundu dizugu proiektua abian jartzen: diru-laguntza emango dizugu, adituen laguntza, eta -nahi baduzu- baita proiektua aurkezteko lekua ere.

Udaleko eta Foru Aldundiko euskara zerbitzuek antolatu dute deialdia. 17 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal duzue, eta 4000 euro eskuratu (gehienez) zure proiektu martxan jartzeko.

Horren guztiaren berri zabalagoa, hemen: http://bit.ly/1j2iFJ7

 

The Oihaneder Euskararen Etxea inauguration

On 16 October, we celebrated the Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea social inauguration.

Leku bat

[vc_row][vc_column][vc_column_text]Badugu etxea, beraz. Ez nolanahikoa, gainera. Kapital artifizialeko lekurik ederrenetako batean, bertigoa emateko moduko tamainakoa. Bakardadearen kantoitik gora, eskailera mekanikoek egindako izugarrikeria estetikoa gainditu ondoren, eskuzabal irekitzen da Montehermoso jauregia, ezker-eskuin. Inpresionatu egiten du. Orain, are handiagoa da inpresioa, euskaraz egingo baitigu ongietorria hemendik aurrera.

Jakina da: leku bat behar dugu, espazio bat, gauzak mamitzen direla ziurtatzeko. Erakunde bat sortzea da gauza bat, erakunde horrek egoitza bat duela jakitea da beste bat. 2.0 superkulturak oraindik gainditu ez duen aingura da espazialitatearena: “Ados, badute webgunea, baina non daude? Non dute egoitza?”. Euskarri fisiko bat behar du asmo sendo orok. Gasteizen ez zegoen, orain bai. Urtetsuenek Bagare zenaren oihartzuna izango dute gogoan, fenix hegazti gisa errautsetatik ber-hegaldatzeko saiakera zoritxarreko hura gora-behera. Ez, ez du zerikusirik, baina hura lekua zen, eta lekua da hau ere.

Oihaneder Euskararen Etxearen kasuan, lekua eta proiektua bera eskutik helduta etorri dira, neurri batean. “Gauzak egin nahi ditugu, eta gauzak egiteko leku egoki bat behar dugu”, hori izan da mezua. Gero etorri dira leku egokiena zein izan daitekeen erabaki ezinik ibiltzea, Alde Zaharretik ateratzeko apustuaren oihartzuna, krisi hotsak, zurrumurruak eta bestelakoak. Egin asmo dena da gauza bat, eta non egiten den (baliabideak, erreferentzialtasuna, bisibilitatea… daude tartean) da beste bat. Arrakastarako gakoak bi alderdien baitan daude.

Itxaropenez eta gogoz egongo gara ondo-ondotik begira, interesdunok. Ez da unea errezeloa erakusteko, nire ustez, diskurtso arrazista argiak euskarazko ahoskera harrigarriarekin tartekatzen dituen alkate jaunak horretarako motiboa eman arren. Oraingoz, ez dago errezelorako motiborik. Hemen doaz, horren aurka, pare bat hausnarketa baikor, proposamenak dituen alderdi berritzaileak ikusita. Batetik, webgune estreinatu berriko etorkizuna atalean, aditzak izatea ardatz: atzetik horixe egongo dela badakigun arren, eta hala behar du, aspertuta gaude plan estrategiko, egitasmo eta helburuez. Bestetik, ekimen instituzionalaren eta herri ekimenaren arteko lotura estuaren planteamendua, fisikoki ere gauzatua: udal euskara zerbitzuak eta Lazarraga Kultur Elkarteak teilatupe berean izango dute egoitza. Euskararen sustapenerako bi ardatz nagusi leku berean egotea ez da ohikoa (nik behintzat ez dut ezagutzen). Elkar igurztetik lankidetza eta asmo berriak sor bitez, eta denon onurarako izan bedi. Marotok inaugurazioan aipatutako kogestioari o eta g-aren artean n bat ager ez dadin.

Kafe antzokia iritsiko da, iritsi behar duenean. Nik, oraingoz, ez daukat presa handirik, benetan (ez bada, horrelako gauzek, atzeratzearen atzeratzez, bertan behera geratzeko eduki dezaketen arriskua). Has dadila lapikokoa egosten, eta irakiten duenean atera egin beharko du nonbaitetik.

Manex Agirre[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]

Oihaneder Euskararen Etxearen izenaz

[vc_row][vc_column][vc_column_text]Gasteizen Montehermoso Jauregian berriki zabaldu den Euskararen Etxea Oihaneder deitzen da. Esan behar dut hasieran arrotz samarra egin zitzaidala, Oihaneder izenari umeentzako ipuin batetik ateratakoa neritzon. Loti Ederra eta horren giroko ipuinak ekartzen zizkidan gogora.

Minutu pare bat kostatu zitzaidan ohartzea Montehermosoren itzulpena izan zitekeela, eta hori ere ez zitzaidan gehiegi gustatu. Alde batetik, ez nuen uste itzulpena beharrezkoa zenik. Beste alde batetik, ez nekien noraino den egokia Oihaneder gaztelerazko Montehermoso itzultzeko. Eta gainera, oker ez banago, antzinako ur-biltegian kokatzen den erakustokiak ere badarama Oihanederra izena.

Zalantza nuen, beraz, izenarekin asmatu ote zen, ea ez zen egokiagoa izango Agirre-Eskibel Jauregia edo honelako zerbait, jauregiaren jatorrizko familiaren izena berreskuratuz. Baina aitortu behar dut Oihaneder gero eta gehiago gustatzen zaidala. Izenarekin ohitu naiz eta gaur egun jada gogoko dut deitura hori, bi arrazoirengatik: oihana delako eta ederra delako.

Izan ere, oihanean era guztietako izakiek dute lekua, txikiak zein handiak, arriskutsuak eta goxoak, zaratatsuak eta isil-isilean mugitzen direnak … Eta honelakoa gustatuko litzaidake euskararen etxea, guztiontzako lekua, era desberdinetako proposamenetara zabalik. Oihana izan dadila, beraz, hezea, betea, aberatsa, bizia, ustekabearen lurraldea, itxaropenaren berde guztien aberria.

Izenaren bigarren zatiaz, eder horretaz, ez daukat gauza handirik esateko. Euskara hainbestetan ikuspegi beltzez aipatzen dugun, etengabeko galeran, agonia batean … Bada garaia edertasunarekin batera aurkezteko. Niretzat, Gasteizen ederra baita euskararen historia, nik neuk bizi izan dudana, duela berrogei urtetik hona garatu dena, euskara berpizten eta zabaltzen ikusi baitut hamarkada hauetan. Ederra benetan, ipuin bat bezain ederra.

Zeledonek bezala, etxe berria egin du euskarak Gasteizen. Eta Oihaneder du izena. Poztekoa da!

Josean Bueno[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]

Ongi Etorri

Urriaren 15ean Oihaneder Euskararen Etxea inauguratu da. Zaila da lerro gutxitan laburtzea proiektuak honaino egin duen ibilbidea, baita proiektuaren nondik norakoak ere.

Oihaneder Euskararen Etxea euskara eta euskal kultura ardatz duen gune bat da. Egitasmo partizipatiboa da, Udalaren eta gizarte eragileen artean landutakoa eta gidatutakoa. Elkarlana du muinean. Euskararen eta kulturaren inguruko talde eta sortzaileen parte hartzea eta kolaborazioa eskatzen, ahalbidetzen eta eskertzen baititu. Udala eta Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataforma aritu gara honetan lanean.

Abiatu besterik ez dugu egin. Proiektua bertatik bertara ezagutzeko… etorri, ikusi eta parte hartu!
Irudi korporatiboa eta webgunea ere aurkeztu ditugu. Gune hau esploratzera gonbidatu nahi zaitugu: proiektuaren ezaugarri esanguratsuenak ezagutu, agenda kontsultatu, komunitatea bisitatu… Ongi etorri!

10 galdera Oihaneder Euskara Etxearen proiektuaren gainean

1. Zer da Oihaneder Euskararen Etxea?
Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataformak udalari aurkeztutako proiektuaren lehen atala izango da.

Udalak aintzat hartu, eta orain Montehermoso Kulturunea den espazioan elkarlanean garatuko dugu Lazarraga Kultur elkarteak eta udalaren Euskara Zerbitzuak. Euskaraz egingo diren jarduera anitz sustatzeko egitasmoa da.

2. Abiapuntua
2008an udalean proposatutako Gasteiz Antzokia proiektuan errotzen zituen sustraiak ekimen honek. 2011ko udazken-neguan berreskuratu zen ideia, eta Gasteizko Kafe Antzokiaz eta Euskararen Etxeaz hasi ginen hitz egiten.

2012ko uztailean Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma sortu eta egitasmo sendo bat garatzeari ekin genion, horren ondorioz 2013.eko uztailean gure proiektua aurkeztu genuen udaleko euskara, kirola eta hezkuntza batzordean. 2014ko urtarrilean Badu Bada erakusketaren aitzakian aurkezpen publikoa egin genuen.

Azkenik, 2014ko ekainean udaleko gobernu taldeak proiektuaren lehen faseari ekitea onartu eta alkateak berak urriak 15 izango zituenean Euskararen Etxea inauguratuko zela publiko egin zuen.

3. Zergatik Oihaneder Euskararen Etxea?
Gasteizko euskaldunok horrelako proiektu bat aurrera atera nahi dugulako.

Gasteizen euskararen ezagutzak izugarri egin duelako gora azken 30 urteetan, eta ezagutza hori bizitzaren egoera guztietan erabilera bilakatu nahi dugulako.

Gasteizko euskaldunei euskaraz aritzeko ehunka aitzakia eman nahi dizkiegulako.

4. Proiektuaren berezitasunak?
Elkarlanean jorratutako proiektua da, eta etorkizunera begira jartzen ditugu gure proposamenak.

Kultura ardatz hartuta euskararen erabilera areagotuko duen egitasmoa da.

Gaur egungo sortzaileak zubi lanetan jarri eta euskal kulturgintzaren transmisioa ziurtatu eta areagotu nahi dugu.

Asmo hori bideratzeko proiektuak irekia, partehartzailea, anitza, erakargarria, irudimenezkoa eta sortzailea behar du izan derrigorrez.

5. Etxe bat, ala zerbait gehiago?
Gure etxeak 8 funtzio garatu nahi ditu:

-Sortu: Euskararen laborategia.
-Komunikatu: Egitasmo komunikatiboentzako erredakzioa.
-Ikasi: Euskal gaietako materialen informazioa eta mailegutza.
-Erakutsi: Euskararen interpretazio zentroa.
-Ikusi: Ikus-entzunezkoak ekoizteko eta erakusteko gunea.
-Jolastu: Ume eta gaztetxoen aisialdirako espazioa.
-Hitz egin: Hizkuntzaren erabilera areagotzeko lekua.
-Antolatu: Bilera, mintegi eta antzeko jardueretarako tokia.

6. Non jakin dezakegu zertan den proiektua?
Nahikoa izango duzu honako webguneetan sartzearekin:
www.oihanedereuskararenetxea.com
http://lazarragakulturelkartea.wordpress.com
http://gasteizkokafeantzokia.blogspot.com.es

Edo bertaratzearekin:
Oihaneder Euskararen Etxea. Fray Zacarias Martinez, 2 -Gasteiz-

7. Izango al da etxeaz besterik?
Lehentxeago esan bezala Euskararen Etxeaz gain Kafe Antzokia ere ikusten dugu beharrezko. Gure asmoa da Oihaneder Euskararen Etxean hartutako eskarmentua lagun, datozen urteetan horrelako azpiegitura kultural garrantzitsu baten egitasmo txukuna aurkeztea.

Horrez gain, Lazarraga Kultur Elkarteak ez du baztertzen Euskararen Etxetik at jarduera ezberdinak garatzea.

8. Parte hartu edo lagundu nahi duenak?
Hasieratik proiektu ireki eta parte-hartzailea izan dadila nahi dugu. Gasteizko Kafe Antzokiaren plataforma astero biltzen da.
Harremanetan jartzeko: gasteizkokafeantzokia@gmail.com

9. Amaitu al da prozesua?
Ezta hurrik eman ere!
Hasi besterik ez da egin, eta beso zabalik espero zaituztegu.
Belarriak ere adi izango ditugu zuen proposamenak entzuteko irrikan.

10. Nolakoa izango da ohiko jarduera Euskararen Etxean?

Euskaraz sortzeko espazioa izan nahi duenez, laborategi edo tailer itxura hartu beharko du.
Kulturaren adierazpide ezberdinak euskaraz nola jorratu izango da gure buruhauste nagusienetariko bat.
Sortzailea, irudimentsua, anitza, apurtzailea, koloretsua, erakargarria…
Hala izan bedi!

Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataforma

Iritsi da eguna

Iritsi da eguna. Egun batean amestu genuena lortu da, edo amestu genuenaren zati bat, behintzat, abian da, eta ez da gutxi.
OIHANEDER EUSKARAREN ETXEA errealitatea da, gauzatu da dagoeneko, eta Gasteizko Kafe Antzokiaren alde lanean aritu garenok pozik gaude.
– Pozik, jauregi eder hau euskararen babesgune eta arnas-gune izango delako.
– Pozik Euskararen Etxeak bere bidean lehen urratsa eman duelako.
– Pozik, orain arteko ibilbidean, proiektuari bidelagunak ugaritu zaizkiolako.

Gasteiztarren artean euskararen inguruko kezka ez da berria. Kezka horri erantzunez 30 urtetan euskaldunen kopurua nabarmen igo da, beste inon ez bezala; 50 mila euskaldun gehiago dago gaur egun gure hirian. Beraz …
Gasteizek behar du Kafe Antzokia, eta, behar du Euskararen Etxea:
– Euskarazko formakuntzara eta sorkuntzara bideratutako gune bat.
– Euskal kultur adierazpenaren erakusleiho izango den gune bat.

Eta bukatzeko, GKA-aren aldeko plataformako kideok gure esker ona helarazi nahi diegu proiektu hau posible egiten lagundu duten guztiei:
– Udal gobernuari eta alderdi guztiei, proiektu honen aldeko adostasunari eusten jakin dutelako.
– Euskalgintzako eragileei erakutsi duten interesagatik.
– Eta nola ez, plataforman lanean aritu diren guztiei.

Hemendik aurrera, gure erronka izango da: batetik, eraikin hau edukiz betetzea; eta bestetik, euskararena izateaz gain, gasteiztar guzti-guztien etxea eraikitzea, euskara guztiona dela pentsatzen dugulako, euskara guztiona nahi dugulako.
Asmo horretan bidelagun izango garelakoan, MILA ESKER.

Lukas Etxeberria Sagastume