Programaren bigarren edizioa uztailaren 23tik abuztuaren 3ra bitartean garatuko da Gasteizen. Zinema lantegia eta zinemagintzako eta beste arte batzuetako profesionalen eskola magistralak izango ditu, besteak beste. 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitasmoan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 30era bitartean.
Zineleku egitasmoa Vitoria-Gasteizera helduko da udan, ikus-entzunezkoen sortzaile berriei, diziplina arteko prestakuntza, ikuspuntu komunitariotik emateko xedez. Euskal Herrian KalakaLab-ek garatuta, Arabako Gazteriaren Foru Erakundea eta Vitoria-Gazteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin antolatu da egitasmoa. Oihaneder Euskararen Etxearen lankidetza ere izango du, izan ere, Oihanederren gauzatuko dira zinema udalekuetako ekintzetako asko, eta hainbat Euskararen Etxearekin elkarlanean programatuko dira.
Murgiltze proiektu hau Gasteizko alde zaharrean gauzatuko da, elkarrekintza eta elkartrukea sustatzen dituen espazio batean, hain zuzen ere. Era honetan, formazioa eta sorkuntza esperientzia paregabea uztartuko dira.
Proiektuko parte-hartzaileak Gasteizko Santa Maria Katedrala aterpetxean elkarrekin biziko dira hamabi egunez, 2017ko uztailaren 23tik abuztuaren 3ra zehazki. Bitarte horretan zinema lantegi eta zinemagintzako eta beste arte batzuetako profesionalen eskola magistraletan parte hartuko dute; gainera, proiekzio, performance eta kontzertutan parte hartzeko aukera izango dute.
Programaren edukiak
Zinelekuk aukera zinematografikoen ikuspegi zabala eskainiko du. Aurtengo programa alderdi zehatzei buruzkoa izango da, hala nola soinua lantzea ( esperimentaziotik hasita eta postprodukzio profesionaleraino), edo super 8mm-ko filmaketa eta errebelatura hurbiltzea.
Lantegietan, besteak beste, hauek landuko dira:
- Zinema zuzendaritza
- Soinu esperimentazioa
- Soinua zuzenean grabatzea eta soinuaren postprodukzioa
- Film baten sortze prozesua
- Super 8 mm-ko filmaketa eta errebelatua
- Kultur kudeaketa eta produkzioa
- Ideiatik zinema gidoirako bidea
- Argiaren garrantzia: zinemarako argazkigintza
Hauek izango dira irakasle gonbidatuak, besteak beste:
- Luis Macías eta Adriana Vila, 8 mm-ko filmaketa eta errebelatua
- Maider Fernández, zinema dokumentala
- Joxe Mari Goenaga, gidoia eta errealizazioa
- Maider Oleaga, gidoiaren praktika
- Juan Arrosagaray, errealizazioaren praktika
- Garbiñe Ortega, zinema programazioa eta komisariotza
Halaber, aurten, Zinelekuk bi praktika mota eskainiko ditu:
- praktika.- Film labur baten proiektua ekoiztea eta errealizatzea.
- Praktika.- Proiektuak gauzatzea: nola amaitu zure gidoia, nola aurkeztu zure proiektua ekoizteko, nola bilatu finantzaketa, nola egin pitching bat (zure filmaren ideiaren proiektua produktore izan daitezkeenei aurkeztea)…
Izena emateko orrian, parte-hartzaileak zein praktika egin nahi duen zehaztu beharko du. Parte-hartzaileen kopurua mugatua da praktika bakoitzean.
Jardunaldi bakoitza amaitzean, hainbat jarduera izango dira denentzat irekiak, besteak beste, zinema eta literaturaren inguruko hitzaldiak, zinema dokumentalari eta interpretazioari buruzko aurkezpenak, eta orobat proiekzioak, performanceak eta kontzertuak.
Parte hartzaileen profila eta izena emateko baldintzak
- Zineleku 18 eta 29 urte arteko gazteei zuzneduta dago. Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroa edo Iparraldekoak izan behar dute, eta zinemaren eta ikus-entzunezkoen arteetan interesa izan. Lehentasuna izango dute Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek, Arteetako Batxilergokoek eta Arte Ederretakoek.
- Programa euskaraz gauzatuko da; hortaz, parte-hartzaileek hizkuntza araozrik gabe menperatu behar dute.
- Parte-hartzaileek konpromisoa hartuko dute 24 orduan elkarrekin bizitzeko, hau da, Gasteizko alde zaharreko aterpetxean bizitzeko 2017ko uztailaren 23tik abuztuaren 3ra.
- Parte-hartzaileek gutun labur bat igorri beharko dute izena emateko orriarekin batera, proiektuan zergatik parte hartu nahi duten azalduz.
- Izena emateko orrian, parte-hartzaile bakoitzak zein praktika egin nahi duen zehaztu beharko du (Film laburra errealizatzea eta produzitzea edo proiektuak garatzea).
- Izena emateak parte-hartzaileen gehienezko kopurua gainditzekotan, batzorde batek hautatuko ditu parte-hartzaileak. Arloko profesionalek osatuko dute batzordea, eta ebaluatuko dute izena ematen duten gazteek zer esperientzia duten lehendik ikus-entzunezkoen sektorean. Ezingo da batzordearen erabakiaren kontra jo.
- Arabar erakundeek proiektua diruz laguntzen dutenez, Arabako parte hartzaileei emango zaie lehentasuna, parte hartzeko lekuen % 70 haientzat gordez. Leku horiek bete ezean, gainerako lurraldeetako pertsonei eskainiko zaizkie, edo haiekin beteko dira.
- Zinelekun parte hartu izana egiaztatzen duen agiri bana jasoko dute partaideek.
Izena ematea
- Izena emateko, parte hartzeko inprimakia bete eta bidali beharko da. Izena emateko orria Arabako Gazteriaren Foru Erakundearen web orrian dago eskuragai, baita Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuan eta Zinelekuren webgunean ere. Posta elektronikoz ere bideratu daiteke izena ematea, info@zineleku.org helbidera idatzita.
- Izena emateko epea 2017ko ekainaren 30era arte izango da.
- Izena eman ondoren, eta plaza formalizatzeko, antolatzaileek honako hauek eskatuko dizkiete parte hartzaileei: kuota ordaintzea horretarako emandako ordainketa gutunaren bitartez eta norberaren datuen eta mediku fitxa betetzea.
- Matrikularen prezioa 340 €-koa da.
- Plazen % 3 ezinduentzat edo hezkuntza behar bereziak dituzten pertsonentzat gordeko dira.
Argibide gehiago
- www.zineleku.org
- info@zineleku.org
- www.araba.eus/gazteria
- www.vitoria-gasteiz.org/juventud
- facebook.com/ZineLeku