Galdera honi erantzuten saiatuko dira Hezi-Ola ikastaro sortan. Izan ere, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak, Gasteizko Berritzegunea, Oihaneder Euskararen Etxea eta UEUrekin elkarlanean antolatu duen ikastaro honetan, hezkuntza-komunitatea euskara, aisialdi eta kultura arloko eragileekin harremanetan jarri nahi da, erantzun partekatuak bilatzeko asmotan.
Lau saiok osatuko dute Hezi-Ola zikloa. Saioak urritik urtarrilera bitartean izango dira, hilabete bakoitzaren bigarren asteazkenean, arratsaldeko 18:30etatik 20:30era, Oihaneder Euskararen Etxean.
Hona hemen saioen laburpena:
- URRIAK 13: Gasteizen herri curriculuma ehuntzen
Lehen saio honetan, arlo metodologikoa landuko da, batez ere. Horretarako, Oñatin eta Aramaion herri curriculuma nola landu duten azalduko dute Mari Karmen Garridok eta Josu Zubiak Miren Urutxurtu aholkulariak gidatutako mahai-inguruan.
- AZAROAK 10: Euskararen bidegurutzean… jakin, egiten jakin, izaten jakin
Eskolan oinarrizko soziolinguistika lantzeri begira, Iñaki Lazkanok azalduko digu nola iritsi garen Gasteizen gauden tokira, eta Kike Amonarrizek pistak emango dizkigu gaur egungo testuinguruan abian dauden dinamika soziolinguistikoak ezagutu eta horien aurrean nola jokatu jakiteko.
- ABENDUAK 15: Ikasle, ikusle, ekoizle: Oinarrizko Kultur Saskia (OKS)
Xabier Payak 2020ko “Eskola Hiztun Bila” jardunaldietan zenbait pista eman nahi izan zituen eskolan euskarazko kultura-kontsumoa eta -sorkuntza areagotzeko, eta horretarako dauden hainbat baliabide erakutsi zituen. Saio honetan, bere ekarpen horietan sakonduko du, eta Itziar Lafuente eta Oier Ortiz de Lejarazu irakasleek azalduko digute nola landu duten Oinarrizko Kultur Saskiaren ideia Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.
- URTARRILAK 12: Aisialdia, hiri hezitzailearen oinarri
OinHerri taldeko Eñaut Aiartzaguenak taldearen aisia-eredua definitzeko kontzeptuak azalduko ditu, besteak beste, haurren kultura aitortzea, aisia hezitzaile eta euskalduna izatea, aniztasuna eta berdintasuna, ingurumen naturala eta kulturala zaintzea eta pertsonen arteko harreman osasuntsu eta justuak. Ondoren, GEU elkarteko Zuriñe Gil eta Euskal Girotze Barnetegietako Rafa Arrizubieta elkarrekin solastatuko dira, hori guztia Gasteizen nola lantzen dugun hausnartzeko.
Izena emateko epea irailaren 15ean irekiko da www.ueu.eus webgunean.