Martxoaren 2an “Sutondoko kontuak” liburua aurkeztuko digu Txerra Rodriguezek. Soziolinguistika eta haren dibulgazioaren inguruko lan honen ale bat eskuratu nahi? Parte hartu abian jarritako zozketan!
Jarraian dagoen galdera martxoaren 1a baino lehen zuzen erantzuten duzuenon artean hainbat ale zozkatuko ditugu:
Zein komikilarik egin du “Sutondoko kontuak” liburuaren azala?
a) Asisko Urmeneta b) Adur Larrea d) Ainara Azpiazu “Axpi”
Parte hartu!
Gainera, aukera bikoitza! Izan ere, Arabako ALEA aldizkariak ere hainbat ale zozkatzen ditu. Bertan zuzen erantzun beharreko galdera honakoa da:
Zein euskara elkarteko kide da Txerra Rodriguez?
a) Lasarteko Ttakun elkartea b) Getxoko Egizu elkartea d) Derioko Tximintx elkartea.
“Sutondoko kontuak” txatalez osatutako liburua da. Sutondoetan izaten diren elkarrizketen antzera, anabasa nagusi dela ematen du bere orrietan. Hala ere, dena hari ikusezin batek lotzen du: soziolinguistikak eta haren dibulgazioak. Izan ere, soziolinguistikaren erpinetatik edan, digeritu eta irakurleei botatakoak dira berba guztiak.
Istorioak txirikordatzen dira liburuan, batzuetan umore beltzetik, beste batzuetan gordinetik. Josi eta jostatzen. Utopiatik errealitate gordinera, ametsetik ezintasunera maiz. Baina ilusioak eta kemenak blaitzen dituzte liburu honen istorioak.
Liburuan, gainera, ez dago disimulurik. Sutondoko lapikoetan zer dagoen argi erakutsi nahi izan du Txerra Rodriguez egileak, bere ikuspuntua argi utzi du, han eta hemen egin dituen lapurretetan, baita berak esandakoetan ere.
Sutondora batu eta supazterrera arrimatu, su berriak pizten eta su zaharrak mantentzen. Garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian zorrotz. Berbatik berbara saltoka adarrik adar, baina euskaltasun berriaren enborrari lotuta.
Txerra Rodriguez (Derio, 1977) soziolinguista da, Garaigoikoa blogaren kudeatzailea eta hizkuntza aholkularia Emunen. Sechu Senderen Made in Galiza liburuaren itzulpenaren egilea ere bada.