Paperbizi eta Euskaldun-berriak? egitasmoak ezagutzeko ordua heldu da!

2019-06-17 / oihaneder

Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdian saritutako Paperbizi eta Euskaldun-berriak? proiektuak plazara jauzi egitear daude. Ekainaren 20an euren egileek, Gasteizko Kauldi Iriondo eta Estibaliz Agirre gazteek, Crowdfunding kanpainen bitartez  erdietsitako lanak aurkeztuko dituzte Oihanederren.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak-ek elkarlanean antolatutako Batera deialdiak Paperbizi eta Euskaldun-berriak? egitasmoak saritu zituen. Urte hasieran euren egileek, Esti Agirrek eta Kauldi Iriondok, Crowdfunding kanpainak abiatu zituzten Itsulapikoa.eus plataforman.

Batera-ko sariaren bitartez, bakoitzak 1000 €ko ekarpena eta egitasmoaren komunikazio egokia egiteko formazioa jaso zuen.  40 egunetan beste hainbeste lortu dute Crowdfunding-aren bitartez: guztira Estik 2005 € eta Kauldik 2165 €. Lehenengoaren kanpainan 78 lagunek hartu dute parte. Iriondorenean 30ek.

Ekainaren 20an biek ala biek egitasmoak aurkeztuko dituzte. Esti Agirre izango da lehena bere Paperbizi, Gasteizko begirada anitzen arte-liburua aurkezten, 20:00etan. Pertsonei buruzko proiektu honek argazkilaritza, marrazkigintza eta euskara lotu ditu, panpintxo xelebreak protagonista.

20:30ean, uztailaren 7ra arte Jovellanos aretoan ikusgai egongo den Euskaldun-berriak? erakusketa inauguratuko da. XXI. mendeko Euskal Herriko komunitate euskaldun berria islatzen duen 12 argazkiz osatutako proiektu dokumental honek hiri zein herri txikitako euskara eta euskaldunen ahotsei irudia ematen dio.

Egitasmoak aurkeztearekin batera crowdfunding kanpainetan agindutako sariak banatuko dituzte: arte liburuak eta ilustrazioak Paperbiziren kasuan; eta argazkiak formatu eta euskarri ezberdinetan Euskaldun-berriak? proiektuan.