Batera: kultur proiektuak elkarrekin garatzeko laguntza-deialdia

2018-11-07 / oihaneder

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Elkarteen Federazioak “Batera diru-laguntza deialdia aurkeztu dute. Gasteizko gazteek kultur proiektuak aurkezteko aukera izango dute, eta antolatzaileek Crowdfunding egitasmo bat martxan jartzen laguntzeaz gain, 1000 €ko ekarpena egingo diete deialdian aukeratutako 3 proiekturi. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 16ra arte egongo da zabalik. 

16-30 urte bitarteko gazte gasteiztarrei zuzenduta dago “Batera” deialdia, eta gazteen proiektu kulturalei bultzada ematea du xede. Urriaren 16tik abenduaren 16ra gazteek proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte,. Edozein ideiak balio du euskaraz garatzekoa bada, eta kulturarekin zerikusia badu: liburu edo diska bat argitaratu, ekitaldi bat antolatu, APP bat sortu, bideo-jolas bat garatu, antzezlan bat sustatu…..

Jasotako proposamenen artean epaimahaiak 3 proiektu aukeratuko ditu, eta gazte horiei Crowdfunding egitasmo bat eta bere komunikazioa  antolatzen lagunduko diete. Behin Crowdfunding egitasmoa martxan izanik, antolatzaileek 1000€ko ekarpena egingo diete 3 proposamen irabazleei.

Antolatzaileek azaldu bezala proposamen berritzailea eta parte hartzailea da. Oihaneder Euskararen Etxeko Iñaki Lazkanoren hitzetan “Gazteei sormena garatzeko aukera eman behar diegu, eta hori, egun, beren lengoaian egin beharra dago: Internet bidez eta parte hartzea sustatuz”.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Federazioak deialdia antolatzerako orduan, Itsulapikoa.eus plataformaren laguntza izan dute. Elkarte honetako kideek orrialde berezia sortu dute beren webgunean eta bertan daude ikusgai deialdiaren oinarri orokorrak.

Gauekoak Elkarteen Federazioko Odei Catalanek nabarmendu duenez bakarrik egindako lana zaila da; “elkarrekin egiten saiatu behar gara. Hiru elkarte batu gara egitasmo hau martxan jartzeko asmotan eta espero dugu Gasteizko gazteek gogotsu heltzea deialdiari eta bi hilabete horietan kultur proiektu proposamen ugari jasotzea”.

Deialdiaren prozedura:

  • Bi hilabetean zehar   (urriaren 16tik, abenduaren 16ra) proiektuak jasoko dira
  • Azaroaren 7an Crowfunding tailer irekia egingo da
  • Aduaren 16tik aurrera, hiru proposamen aukeratuko ditu epaimahaiak (epaiaren jakinarazpena urtarrilaren 10ean egingo da)
  • Crowdfunding proiektua antolatzen lagunduko zaie irabazleei, urtarrilaren 14tik, otsailaren 8ra
  • Komunikazio tailerra egingo da urtarrilaren 18an
  • 3 Crowdfunding proiektuen kanpaina abian jarriko da, otsailaren 11tik martxoaren 22ra. 40 egun izango dituzte helburua lortzeko
  • Beren buruei ezarritako helburuak lortzen laguntzeko antolatzaileek 1000€tako ekarpena egingo diete
  • Proiektuak garatzeko hiru hilabete emango zaie: apirila, maiatza, ekaina
  • Proiektuak Oihanederren aurkeztuko dira, behin amaituta, edo uztailean zein irailean (proiektuaren arabera)

* Info +: www.itsulapikoa.eus/deialdiak/batera