Loa, loa lagunak, Poliedro Vol. 1 eta Larrugorritan proiektuen crowdfunding kanpainak, BATERA, abian

2021-02-17 / oihaneder

Maider Lasa, Eñaut Zubizarreta eta Ane Nafarrate, Jone Arriola
eta Uxue Botas
gazteak dira iazko urrian martxan jarritako Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan aukeratuen egileak. Hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko; gaur jarri dituzte abian.

Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu zituen proiektuen orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesagatik.

Aukeratutako proiektuak garatu ahal izateko Lasak, Zubizarretak eta Nafarretek, Arriolak eta Botasek deialdiko antolatzaileen, hots, Oihanederren, Gauekoak programaren, Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren laguntza jaso dute:

  • Gasteizko proiektu onenari –Loa, loa laguna– Oihaneder-Gauekoak antolatzaile bikoteak emango dio laguntza,
  • Arabako proiektu aukeratuari –Larrugorritan– Vital Fundazioak eta
  • Euskal Herrikoari –Poliedro vol.1– Laboral Kutxak.


Izan ere, crowfunding eta komunikazio kanpaina orokorra antolatzeko aholkularitza jaso dute, baita kanpaina osatzeko 2.000na € ere. Era honetan 40 eguneko iraupena izango duen crowdfunding bana jarri dute abian Euskal herriko eta Gasteizko kulturzale eta euskaltzaleek beren proiektuak diruz lagun ditzaten.

Maider Lasak Loa, loa laguna izenburupean helduentzako sexu lo kantez osatutako diskoa egin nahi du. Proiektu honen baitan, diskoaz gain, bideoak eta zuzeneko ikuskizun baten grabazioa ere egin nahi ditu. Ekimen artistiko honen bidez, euskal lo kanta herrikoiak berreskuratu nahi ditu, eta bide batez, sexu-energia ikertu.

Eñaut Zubizarretaren Poliedro Vol.1 proiektuak biolontxeloa gaur egungo musiketara egokituko du. Horretarako, proiektua bi zatitan bereiztuko du: alde batetik, forma eta kolore anitzetako 19 abestiz osatutako diskoa egingo du. Biolontxeloarekin beste musika bat egitea posible dela ikusarazi nahi du modu honetan Zubizarretak. Eta bestetik, eta hari beretik tiraka, gaurko eta biharko txelista, biolinista etabarrak lengoaia berri hauetan hezi nahi ditu eta horretarako metodologiaz eta partiturez osatutako liburu bat ere argitaratuko du proiektu honen baitan.

Taldean aurkeztu dute beren proiektua Ane Nafarrete, Jone Arriola eta Uxue Botas gazteek: Larrugorritan, gazteei zuzenduta dagoen euskarazko fikziozko serie bat da. Bost kidez osatutako kuadrilla batek emakume eta gizonezkoen estereotipo eta mitoekin apurtuko du. Euskal gazteek egunerokotasunean bizi dituzten gatazkak eta dilemak jorratuko dira seriean: Enak, Nikok, Larak, Alik eta Maik haien mendeko gaiei
egin beharko diete aurre: drogak, sexua, identitate-arazoak, traumak, sare sozialak, maitasuna eta adiskidetasuna.