Hirugarren urtez, Oihaneder Euskararen Etxeak Batera, kultur proiektuak elkarrekin dirulaguntza deialdia jarri du martxan. Euskal Herriko 16-30 urte bitarteko edozein gazte euskalduni zuzendutako deialdia da, eta gazteen artean euskaraz garatuko diren kultur proiektuei bultzada ematea du helburu.
Proposamenak aurkezteko 2 hilabeteko epea izango dute gazteek, eta urriaren 20tik abenduaren 20ra bitartean egongo da zabalik epe hori. Edozein ideiak balio du, euskaraz garatzekoa bada, eta kulturarekin zerikusia badu: liburu edo diska bat argitaratu, jaialdi bat antolatu, APP bat sortu, bideo-jolas bat garatu, euskarazko lelodun kamisetak egin… gazteen irudimenak eta sormenak askotarako eman dezake!
Jasotako proposamenen artean epaimahaiak 3 proiektu aukeratuko ditu, eta gazte horiei crowdfunding egitasmo bat eta bere komunikazioa antolatzen lagunduko diete. Behin crowdfunding egitasmoa martxan izanik, antolatzaileek 2.000 €-ko ekarpena egingo diete 3 proposamen irabazleei.
Batera deialdiak Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren babesa izango du. Horrez gain, Gauekoak programarekin eta Itsulapikoa.eus plataformarekin elkarlanean antolatuko da.
Proposamenak aurkezteko garatu nahi den proiektuaren laburpena oihaneder@oihaneder.eus helbidera bidali beharko dute interesdunek, oinarrietan azaldutako irizpideak jarraituz.
Ikus oinarriak hemen.