Oihaneder Euskararen Etxeak, Gasteizko Udalaren laguntzaz, Garatu programa antolatu du aurten lehenengo aldiz. Egitasmo honek hamabost gazteren arteko talde kohesionatu bat sortu eta kulturari modu kritiko eta partehartzailean erreparatzeko guneak eta uneak eskaini nahi ditu. Honez gain, Garatu sortzaile gazteen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen duen programa da.
Garatu azarotik abendura bitarteko lau larunbatetan burutuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Larunbat bakoitzean diziplina ezberdinetako aditu eta artistak izango ditugu dinamizatzaile lanak burutzen: Odei Barroso bertso-rapean, Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok autoedizioarenean, Formol Laborategiko Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren antzerkigintzaren esparruan, eta azkenengoz, Maider Oleaga zinemagintzan.
Saio bakoitzaren sormen prozesua arlo sozialeko gatazka baten inguruko hausnarketak zeharkatuta egongo da, eta eztabaida parte-hartzaileen zein taldeko sormen lanaren bidez landuko dira. Gazteek gizartean eragiteko gaitasuna, giza eskubideak eta aniztasuna, euskararen erabilera eta mikromatxismoak eta genero bertintasuna izango dira, hain zuzen ere, kulturaren bidez landuko diren gatazka garaikideak.
Behin ikastaroa burututa, partaideek ekimen edo ikuskizun bat antolatuko dute. Oihaneder Euskararen Etxeak dituen azpiegiturak eta baliabideak eskainiko zaizkie eta kultura-kudeaketaren trebatzeko aukera izango dute; halaber, ekimenaren antolaketarako diru-saria eta gidaritza-laguntza jasoko dute.
Garatu programako lantaldea osatzeko 16-25 urte bitarteko 15 gazte hautatuko dira. Partaideei ez zaie arlo artistiko hauetan aurretiko formakuntzarik eskatuko eta dohakoa izango da. Programa osatzen duten lantegiak kultura garaikidearen bidez gaur egungo arlo sozialetako gatazken inguruan euskaraz hausnartzeko tresna moduan ulertuko dira. Honenbestez, artean dela edo diseinuan, idazketan, talde-hausnarketetan, kultura kudeaketan, talde zaintzetan edo sare-sozialetako kudeaketan dela, denek izango dute lekua eta egitekoa Garatu taldearen baitan.
Izena emateko epea urriaren 20an amaituko da. Interesa dutenek inprimakia bete beharko dute. Urriaren 22an jakinaraziko dira parte hartuko duten hamabost gazteen izenak.