Ilunabarrean barre algarak Falerina Tabernan

2019-08-27 / oihaneder

Laugarren urtez Falerina tabernak Irri-Barra gauak  umore antzerki saioak hartuko ditu. Aurten,  abuztuaren 29an eta 30ean izango dira, ostegun eta ostiralean, iluntzeko 20:00etan. Lehen saioan, GuDua antzezlana ikusteko aukera izango dugu Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaiaren eskutik. Bigarrenean, Mikel Bermejoren Euskal Herritik kanpo taularatuko da.

Abuztuaren 29an, osteguna, eta 30ean, ostirala, umorez beteko da berriz ere Falerina tabernako eskenatokia. Laugarren urtez hemen dira Irri-Barra gauak euskarazko umore antzerki saioak, oporren bueltako ilunabarrak gozoago egiteko!

Aurreko hiru urteetako harrera ona ikusita Oihanederrek berriz ekin dio antzerki umoretsua antolatzeari. Ikuskizunen hautaketa egiterako orduan, batetik, arlo honetan erreferentea den Donostiako Poltsiko Antzerki jaialdiari erreparatu zaio. Horiek horrela abuztuaren 29an, ostegunean, jaialdi horretako 27. edizioan proiektu saritua jasoko du ziklo honek: GuDua antzezlana Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaiak taularatua. Bestetik, Euskal Herritik kanpo bakarrizketa aurkeztuko digu Mikel Bermejo lasartearrak.

Ikuskizunak doakoak izango dira, iluntzeko 20:00etan, eta sarrera librea lekuak bete arte.

Alargun geratu berri den EMAKUME desesperatu batek GURU baten kontsultara joko du hil berri den senarrarekin nola hala harremanetan jartzeko asmoz. Baina egoera ez da honek espero duena izango, izan ere, dikzio arazo larriak dituen GURU bitxi honek, arimak kanalizatzeko gaitasuna izaki, protagonistarekin konpondu gabeko kontuak dituzten arima guztiak gorpuztuko baititu ustekabeko egoera askori bide emanez.

Izenburuak dioen modura, bakarrik hitz egiten hasiko naiz eta Euskal Herritik kanpo gertatu zaizkidan gauzak azaleratuko dira… burua galdu ote dut? Lehenik eta behin, Euskal Herrian oso goxo egoten dela aldarrikatu nahi dut, gure herri honek bere kultura eta gauza propioak ditu, eta gertu dauzkagun gauzaz barre egiteko gai gara, hor nonbait, kontrakoa esaten badute ere…

Nahiz eta gaztea izan, gurasoen etxetik goiz xamar joan nintzen, Madril aldera hain zuzen ere, eta jende ezezagunarekin hasi nintzen lan egiten eta bizitza partekatzen. Eta argi utzi nahi dut ez dela bat ere erreza hainbat pertsonekin pisua konpartitzea, edo askotan  bizilagun “zailak” izatea dagokigula eta ahal den moduan moldatu beharra dugula. Askotan, millenial batek Madrilen zer egiten duen galdetzen dit jendeak. Ikastera joan nintzen demontre!!. Bai, ikasi. Bizitza zer den ikusi eta ikasi eta ondo entzun…, ikusi zer den Euskal Herritik kanpo bizitzea, eta ikasi, ikasketak bertan egin bainituen.

Goi mailako kirol zikloa ikasi nuen Madrilen,  ikasgaia aztertu eta  monologoan kontatuko dizuet, ez pentsa hain erreza denik!  Nolakoa naizen erakutsiko dizuet. Mikel Bermejo nor den eta zer gauza arraro dituen kontatuko dizuet. Entzun izan dut ez naizela euskaldun normal bat, zuek epaitu!  Oholtzetan ikusiko dugu elkar.