Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 5. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: judu-espaniera, erromintxela, sorabiera, kriola, lakota eta nasa yuwea.
Itziar Idiazabalek inauguratuko du ikasturte berria irailaren 25ean “Hizkuntza kooperazioa, zer da eta zer egin daiteke?” izenburupeko hitzaldiarekin.
Aurten ere zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da eta 25 €ko prezioa du. Izena emateko epea zabalik izango da urriaren 16ra bitartean.
Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen zikloak bosgarren ikasturteari ekin dio. Irailaren 25an Itziar Idiazabal UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko ohorezko laguntzaileak inaugurazio hitzaldia eskainiko du “Hizkuntza kooperazioa, zer da eta zer egin daiteke?” izenpean 19:00etan Oihanederren. Munduko hizkuntza aniztasunaren galera arazo edo gertakari linguistiko bezala aztertu izan da historian zehar. Gaur herrien hizkuntza eta kultura galtzeak haien garapena baldintzatzen duela ere badakigu. Euskaldunak gure hizkuntzaren biziberritze prozesuarekin batera ohartu gara beste herrietako hizkuntzek ere, eta bereziki gutxituek, aldeko jarrera eta ahalegina eskatzen dutela. Hizkuntza kooperazioak ahalegin horretan jarduteko aukera ematen digu.
Urrian judu-espaniera hizkuntza erromanikoaz hasiko gara Hitz Adina Mintzo zikloa, Amelia Barquin MUko irakasle eta ikertzailearen eskutik. Azaroan Oscar Vizarraga Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariordeak erromintxela aurkeztuko du, Euskal Herrian jatorria daukan hizkuntza ahaztua. 2020ko urtarrilean Ivan Igartua UPV/EHUko irakasle eta hizkuntza eslabiarretan adituak Alemania ekialdeko sorabiera gerturatuko digu eta otsailean, berriz, Wednesday Silva Ginea Bissaun jaiotako oñatiarrak, portugesetik eratorritako kriola. Martxoan, Aitor Estebanek, Espainiako Kongresuan EAJko bozeramailea denak, Ipar Amerikako bosgarren hizkuntza erabiliena den lakotaren berri emango digu; eta amaitzeko, apirilean, Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kideek Kolonbiako nasa yuwea izango dute hizpide.
Aurten ere zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko. Itziar Idiazabalen aurkezpen saioa doakoa izango da. Aurten ere zikloak UPV/EHU, Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.
Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat eta UPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte-hartze ziurtagiria lortuta).
Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina Mintzo, Beñat Garaiorekin elkarlanean. Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu. Bertan hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkezten dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira.
2015etik hona aurkeztutako hizkuntzak:
2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa, lenkera eta ekialdeko txerokiera , Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu hizkuntzak landu dira (ikusi saioen bideoak).
2019-2020 ikasturteko egitaraua (saio guztiak 19:00etan izango dira):
- Urriak 16, asteazkena: judu-espainiera
- Amelia Barquin, MUko irakaslea eta ikertzailea
- Saio honetan izena emateko hemen
- Azaroak 20, asteazkena: erromintxela
- Oscar Vizarraga, Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariordea
- Saio honetan izena emateko hemen
- Urtarrilak 15, asteazkena: sorabiera
- Ivan Igartua, UPV/EHUko irakaslea, hizkuntza eslabiarretan aditua
- Saio honetan izena emateko hemen
- Otsailak 19, asteazkena: kriola
- Wednesday Silva, Ginea Bissaun jaiotako oñatiarra
- Saio honetan izena emateko hemen
- Martxoak 16, ostirala: lakota
- Aitor Esteban, Espainiako Kongresuan EAJko bozeramailea
- Saio honetan izena emateko hemen
- Apirilak 22, asteazkena: nasa yuwea
- Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kideak
- Saio honetan izena emateko hemen