Oihaneder Euskararen Etxeak Zaloa Ipiñaren Gorreri bisuala, Alfredo
Hernandez “Zirika”ren Hitz birziklatuak eta Bigara bikotearen Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia lanek osatutako erakusketa anitza antolatu du Laboral Kutxaren babesarekin. Otsailaren 5etik 28ra egongo da zabalik, eta doako sarrera izango du.
Hiruerreketa, euskararen arte-urak erakusketaren abiapuntuan galdera
bikoitza dago: Euskal artea euskaraz zergatik ez? Eta zergatik ez euskararen inguruko euskal artea?
Erantzun ezberdinak ematen dizkiete galdera horiei hainbat artistek, eta horietako hiru ekarri nahi izan da Oihaneder Euskararen Etxea hartzen duen Montehermoso kulturunera. Arte garaikidearen barruan euskaraz sortzearen inguruko gogoeta ezberdinek –kezkak, jolasak, dibertsioak, sentsazioak, gogoak, e.a.– osatzen dute arte-ur emari kolektibo hau.
Hiru hausnarketa artistiko, euskarazko hiru arte-proposamen, euskararen hiru arte-ur:
- GORRERI BISUALA: Zaloa Ipiña (Bilbo, 1986)
Oraindik ere euskaraz bizitzeko ezintasunak izan badirelako, eta arte bisualetan hizkuntza ez hegemonikoak erabiltzeak deserosotasuna dakarrelako, Gorreri bisuala erakusketak euskara gaur egungo minorizazio egoeran egotera eraman duten arrazoi historikoei buruzko irakurketa bisualak egiten ditu, eta baita hizkuntzak heriotzara eraman ditzaketen aspektu sozial eta soziolinguistikoei buruzkoak ere.
- HITZ BIRZIKLATUAK: Zirika, Alfredo Hernandez Busto (Gasteiz, 1960)
Salgaien garraioan erabilitako paleten egurretik lortutako letra birziklatuekin egindako lanak dira Zirikak ekarriko dituenak. Euskaran, antzinako hizkuntza honetan, artean, poesian… murgiltzeko gonbidapena. Euskara modu ezberdin batean dastatzeko gonbita. Agian aitzakia. Beharbada, euskararekin maitemintzen hasteko bultzada.
- ABERE BA: Bigara, Itziar Aranburu (Donostia, 1975) eta Jon Ander García (Zumaia, 1977)
Abere palindromoak: aberearen izena, eta alderantziz testu ispilu palindromikoa osatuz, izenburu moduan.
Abeze ilustratuak: abezeko letretan abere ilustrazioak topa daitezke, pareidolia eta isologo artean, monograma edo anagrama bizidunak.
Piztegia: abere eta piztien hiztegia. Hiztegiko sarrerak uztartuz eta mitologia, kantu, kontu, atsotitz, onomatopeia, hitzulpen eta ele-meleak nahasiz, harremanak eta irudimenak piztu.
Hotsari bira eman: Palindromoa den ahozko-testua grabatu, eta atzekoz aurrera entzunda, testu berbera errepikatuko da, baina ahots sorginduarekin.
Oihanederren antolatu dugun erakusketa honek ikusarazi nahi du artearen munduan ere hizkuntza bera, gure kasuan euskara, lanerako materia bilakatzen dela: aldarrikatzeko, jolasteko eta zentzumenak pizteko
Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxea)
Erakusketa otsailaren 5etik 28ra bitartean egongo da irekita Montehermoso kulturunea – Oihaneder Euskararen Etxearen 1. solairuan. Ohiko ordutegia izango du erakusketak:
- Asteartetik ostiralera: 18:00–20:00
- Larunbatetan: 12:00–14:00 / 18:00–20:00
- Igandeetan eta jaiegunetan: 12:00–14:00
Erakusketak Laboral Kutxaren babesa jaso du.
Halaber, erakusketak iraun bitartean bi libururen aurkezpenak ere egingo dira:
- Otsailak 11. Gorreri bisuala: Zaloa Ipiña Bidaurrazagak bere lanaren berri emango digu.
- Otsailak 18. Abere ba, palindromo ilustratuen piztegia: Bigara bikote palindromikoko partaide diren Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak beren liburua aurkezteaz gain, euskarazko palindromo tailer bat gidatuko dute.