Gaur goizean, Gazte Sortzaileak bekaren bosgarren edizioan irabazle suertatutako egitasmoak aurkeztu dira. “Geruzak” 360 º-ko kontzertua taularatua izan da dagoeneko. Gainontzekoak – “Oskola” musika saioa, “Tripak: huts bete hots’ ikuskizuna, ‘Inkuren itzala’ antzezlana eta ‘Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada’ emanaldi multidiziplinarra – datozen hilabeteetan ikusteko aukera egongo da.
Gazte Sortzaileak beka euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz sortu zen duela 5 urte. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker eta Oihaneder Euskararen Etxearen laguntzarekin.
“Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da gure helburua. Bereziki, ahozko transmisioa eta berrikuntza balioesten ditugu”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak honakoa erantsi du: “baten batek galdetuko du ea zergatik antolatu behar den, ea Araban ez dagoen dagoeneko eskaintza hau, gazteei zuzendutako euskaraz sortutako kultur sorkuntza, eta erantzuna da dagoena ez dela nahikoa. Eta beste batek galde dezake ea hartzailerik ba ote dagoen Araban… Eta erantzuna da bai, badagoela hartzaile ugari, anitza eta gaztea, gainera, euskarazko kultur eskaintza eskatzen datorrena”.
Miren Narbaiza irabazleetako batek azpimarratu duenez “sormen lanean dabilenarentzat beka bat beti da lasaigarri bat, proiektuan esklusiboki kontzentratzen eta burubelarri aritzea ahalbidetzen dizu. Euskaraz lanean ari den jendea laguntzea oso garrantzitsua da”.
2018an saritutako egitasmoen artean taularatzen lehena Beñat Goitiak aurkeztutakoa izan zen, Montauk taldearen diska berriaren, “Geruzak”, 360 gradutako kontzertua. Abenduaren 23an eskaini zuten Oihanederren, arrakasta handiz.
Gainontzeko lanak estreinatzeke daude. Urko Saenz de Buruagak “Oskola” musika saioa landu du eta martxoaren 22an aurkeztuko du Oihanederren. Eguzki Donnellan eta Haizea Beruetek Euskararen Etxean aurkeztuko dute baita ere euren proposamen artisitikoa, “Tripak: huts bete hots’ izenekoa. Apirilaren 4an izango da. Egun batzuk beranduago, apirilaren 11n, Eñaut Gorbeak ‘Aioko uhartea’ antzezlana estreinatuko du Aldaben. Bukatzeko Miren Narbaizak eta Joseba Baleztenak ‘Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada’ izeneko emanaldi multidiziplinarra egingo dute Aldaben ere.
Egitasmoen prestaketa prozesuan laguntzeko, horrela eskatu duten gazteek profesionalen aholkularitza jaso dute; sariaren parte izan da.
Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2019an. Martxoan egingo da deialdia. Artistek ideia bat aurkeztu behar dute —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea. Ideia irabazleen egileei 6-7 hilabete emango zaizkie aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, zeina 4.000 eurorainokoa izan baitaiteke. Gainera, profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko.
2018an saritutako egitasmoak:
- Montauk “Geruzak” 360º
- 2018-12-23, 21:00, Oihanederren
-
- Sortzailea: Montauk taldea (Beñat Goitia, Aitor Garcia De Vicuña, Gorka Etxebarria eta Urko Urzelai)
- 2018ko ekainean grabatu zuen Montauk taldeak “Geruzak” izeneko bigarren lana, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan Sagasound-en gidaritzapean. Estudioko lan horren zuzeneko emanaldia da Gazte Sortzaileak bekaren bitartez argitara eman dutena. Eszenifikazio berritu baten bitartez eskainitako musika emanaldia izan da. Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu zuten zuzenean 360 graduko emanaldian. Elkarri begira, zirkuluan ikusleari ikuspegi berria eskainiz. Formatua izan da emanaldi honen berritasun nagusiena, baliabide teknikoak horri eskaini zaizkio, ikusleari zuzeneko kontzertu bat ikusteko perspektiba berri baten eskaintzari. “Geruzak” ibilbidearen jendaurreko aurkezpena gauzatu da dagoeneko eta orain hedatze prozesuan dago Euskal Herrian zehar.
- “Oskola” musika saioa
- 2019-03-22, 20:30, Oihanederren
- Sortzailea: Urko Saenz de Buruaga Gonzalez
- ‘Oskola‘ musika saio bat da. Interneten bidez zabalduko da, formatu digitalaren potentziala eta baliabideak esplotatzeko asmoz. Horretarako YouTuben musika-kanal berri bat sortuko da. Gaur egun dagoen hutsunea betetzeko helburuarekin jaio da, horrelako programarik ez baita existitzen, ez telebistan ez beste formatuetan ere. Saioaren ildo nagusia suspertzen ari diren taldeen elkarrizketak eta zuzeneko emanaldiak dira. Saio bakoitzean talde bana da protagonista, eta bi ataletan banatuta dago. Lehenengo, elkarrizketa bat egin zaio talde edo bakarlariari. Ondoren, talde edo bakarlariak bizpahiru kanta jo ditu eta zuzenean grabatu ditugu. Teknikoki, ahalegin handia egin da atal honetan, bai soinua, bai irudia kalitate gorenekoak izan daitezen.
- “Tripak: huts bete hots”
- 2019-04-04, 20:30, Oihanederren
- Sortzailea: Eguzki Donnellan Armengod eta Haizea Beruete Lopetegi
- Proposamen artistikoak hainbat arte diziplina jaso nahi ditu; hala nola, arte plastikoa eszenografia gisara, literatura –poesia, hein handienean- errezitatua, eta errezitaldia eszenara eramaten duen gorputz adierazpena. Ikuskizuna josten duen gaiari dagokionez, honela labur liteke: Non zeharkatzen dute elkar subjektiboak eta politikoak? Non norbere tripek eta kolektiboaren sareek? Sortzaileek diotenez, “Biak ere, gazte gara, honelako sormen prozesuetan. Jaioberriaren jakin-min hori nahiko genuke aprobetxatu, aukera berriak esperimentatu eta sakonerari bideak irekitzeko”. Sorkuntza prozesuan, Itziar Rekalde Luzarraga izan dute gidari.
- “Aioko uhartea” Itzalak, titereak eta ahozkotasuna elkartzen dituen ikuskizuna.
- 2019-04-11, 18:30, Aldabe gizarte etxeko antzokian
- Sortzailea: Eñaut Gorbea Lopezde Uralde
- Ezberdina izatea altxorra bada, gauzak ezberdin egiteak konponbideak badakartza, Aioko uharteko biztanleak ez dira honetaz jabetzen. Ezberdin izateagatik ingurukoek baztertu dituzten bi haur izango ditugu protagonista eta hauen bitartez ezagutuko ditugu giza komunitatearen komunikazio eta zaintza arazoak, hondamendiak, jeinuak, munstroak eta bidaia fantastikoak. Ahozkotasuna eta iruditegia erabili ditut baliabide eszenikoaren oinarri gisa. Honez gain, itzalak eta argia lagungari izango ditut ekimena oholtzaratzek garaian. Nik dakidala, itzal titereen tradizioak ez du historikki gure herrialdean garrantzi handirik izan, baina kontuan hartuta munduko estruktura eszeniko eta audiobisualen aintzindaria dela bere erabilera eta difuzioa aberasgarria da.
- “Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada” emanaldi multidiziplinarra: komikigintza eta musika uztartuko dituen ikuskizuna
- 2019-05-18, 18:00, Aldabe gizarte etxeko antzokia
- Sortzaileak: Miren Narvaiza Martiartu eta Josea Baleztena
- Irudi Proiektu honek komikigintza eta musika uztartu nahi ditu, irudia eta soinua elkarrekin harremanean jarriko dituen ikuskizuna atontzeko. “Aingurak” izeneko komikia da abiapuntua eta berari bizitza berri bat ematean datza espreski sortu den soinu banda orijinal baten bidez egingo den taularatzearekin. Behin soinu banda idatzita, komikiko irudiak musikaren erritmora egokitzea izan da hurrengoa. Hain zuzen, proiektu honen helburua komikia eta musika uztartuz, zinemaren lengoaiara hurbiltzea da. Ikuskizuna borobiltzeko zuzeneko marrazketa saio bat eginen da eta musikariek inprobisatu egingo dute marrazkiak bizia hartu ahala, horiek iradokitzen diena instrumentuez baliatuta adieraziz. Horrela, ikusleei komikien sorkuntza prozesuaren lagin txiki bat eskainiko zaie eta bat-bateko sortze prozesura hurbilketa bat. Bistan denez, honek denak adin guztietarako egokia den ikuskizun bat izatea ahalbidetzen du, ikus-entzunezkoak oinarrian dituena.