Sormen asteburu inspiratzailearekin amaitu da “Gazte sortegiak” sormen laborategiaren 2018-2019 ikasturtea. Bertan bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak landu dira, Arabako sortzaile desberdinak bidaide. Barruan duten sortzaile txikia entzunez bide ederra egin dute parte hartu duten 15-16 urte bitarteko 8 gazteek.
Mikel, Aroa, Izaro, Olatz, Maitane, Endika, Irune eta Lorenak astelehenero izan dute hitzordua Oihaneder Euskararen Etxean, urritik apirilera bitartean. Sormen eskola urriaren 1ean abiatu zen Bertsoa jolas sortegiarekin, Oihane Perearen eskutik. Bertan batez ere letrak, hitzak eta metrika landu zituzten. Sortegiaren amaieran bertso-emanaldi bat egin zuten senitarteko eta lagunentzako, plaza polita izan zen ikasitakoa erakusteko eta publikoki aritzean zer sentitzen den barneratzen hasteko.
Musikaz egin izenpean Jon Basagurenekin doinuen munduan murgildu ziren azaroan, baita ahotsaren proiekzioan ere. Egunero bakoitzak gustuko zuen kanta bat entzuten zuten eta gorputzarekin erritmoak landu zituzten.. Talde abestia egiten hasi ziren baina bukatzeko denborarik izan ez eta amaierako sormen asteburuan bukatu zuten.
2019a estreinatu berritan, Antzerki-dantza sortegian taldea ohiko klasetik irten eta Oihanederren atrioan ibili ziren. Jolas desberdinen bitartez Unai Lopez de Armentiak gorputz adierazpenaren oinarriak hurbildu zizkien eta performance txiki bat grabatu zuten Oihanederreko arrapalan.
Zer daki begiak soinuez? galderapeko ikus-entzunezkoen sortegian Maider Oleagarekin zinemaren oinarrizko kontzeptuak ikasi eta mugikorrak erabilita plano bakarreko irudiak landu zituzten. Azken klasean kamararekin egin zuten errodajea.
Eskola borobiltzeko apirilaren hasieran sormen asteburua egin zuten Garaion Sorgingunean, Otazan. Bertan sormen prozesu askean ibili ziren gazteak.
Gazte Sortegiak sormen laborategia
Egitasmoak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du.
Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Mintzola Ahozko Lantegia eta Topagunearen lankidetzaren emaitza da. 2018-2019 ikasturtean Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Vital Fundazioa eta Laboral Kutxaren babesa du.
Sormen eskolaren aitzindaria 2018ko Pazko astean (apirilaren 3tik 7ra) Kanpezun (Arabar Mendialdea) egindako sormen egonaldia izan zen. 14-16 urte bitarteko 10 gaztek hartu zuten parte bertan.