Aurten ere Gabonetan Jai zikloa antolatu du Oihaneder Euskararen Etxeak Montehermoso Kulturunearekin elkarlanean. Familia giroan gabonak euskaraz bizitzeko, 3 ekitaldi eskainiko dira zikloaren baitan: Oltxiak ikus-entzunezkoa, Itzal titere tailerra eta Korri, Kuru, korri! ikuskizuna.
Oltxiak – urtarrilaren 2, 3 eta 5, 12:00etan
Publiko guztientzat / iraupena: 85′
Filma honek mundu fantastiko batean kokatuko ditu haurrak. Etxe berri baten bila dabiltza Oltxiak, baina inon ez dira sentitzen ongi etorriak. Usain txarra dute, eta gizaki gehienek ez dituzte maite. Familiaren dragoia Kirasterriko zabortegian lurreratzen denean, Oltxiak etxean bezala sentitzen dira. Eta bertan geratzea erabakiko dute.
Itzal titere tailerra – urtarrilaren 3 eta 4, 17:30ean
6-12 urte / iraupena: 90′
Haurrek, haien kabuz, material erraz eta erabilgarriekin euren txontxongiloak sortzea da tailerraren helburua; eta ondoren txontxongiloei momentuan bertan bizitza ematea. Haurrek ikusle eta parte hartzaileak izaki era lasai eta askean jolasteko aukera izango dute oihalaren atzean.
Korri, Kuru, korri! – urtarrilaren 4, 11:00 etan eta 12:30ean
4-9 urte / iraupena: 50′
Europara legez kontra iristen den mutiko afrikar baten istorioa kontatzen duen antzerkia da. Patxi Zubizarretaren izen berreko liburuan oinarrituta dago, eta honekin Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria lortu zuen 2019an.
Gonbidapenak abenduaren 13an, 10:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira.