Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu

2019-09-16 / oihaneder

UEUrekin elkarlanean antolatutako jardunaldi honek aukera paregabea eskaintzen du ELEBILABen ia hiru hamarkadetako ibilbidean geldialdi bat eginez Euskal Herriko elebitasun goiztiarraren, eskola bidezko hizkuntzen irakaskuntzaren eta eleaniztasunaren tratamenduaren ikerketan izan diren aldaketez hausnartu eta ikerketaren emaitza nagusiak gizartearekin partekatzeko.

ELEBILAB (Elebitasunaren Laborategia) Itziar Idiazabalek UPV/EHUn joan den mendeko 90eko hamarkadan abiatutako ikertaldearen jarraipena da, Euskararen Legea EAEn onartu eta urte gutxitara. Hainbat ikerketa proiektu bideratu dira ELEBILABen harrez geroz Euskal Herriko hizkuntzak haur-nerabeek etxean edota eskolan nola bereganatu eta erabiltzen dituzten ikertzeko eta baita ahozko euskararen erabilera eta haren didaktika ere. Ibilbide horretan Euskal Herriko zein nazioarteko ikertzaileak izan ditu bidelagun. Euskal gizarteak elebitasunetik eleaniztasunerako bideari heldu dion XXI. mendean, UPV/EHUko Hizkuntza Gutxituen UNESCO Katedra abiarazi zuen Idiazabalek, 2007an.

Ondoko bost azpiatalek osatzen dute jardunaldia:

  • Irakaskuntza eleaniztuna.
  • Irakasleen prestakuntza.
  • Euskaldun elebidun goiztiarren hiztegia eta gramatika.
  • Hizkuntza aniztasuna munduan eta Euskal Herrian.
  • Ahozkoaren didaktika eta diskurtsoaren analisia.

Elebitasun-eleaniztasunaren ikuspegi diakroniko honek aukera bikaina eskaintzen du Euskal Herriko hizkuntzen erabilerari eta irakaskuntzari buruzko ikerketa non dagoen kokatzeko. Halaber, datozen garaietarako erabilgarria izango den hausnarketa piztu nahi du.

Esanguratsua da paneletako hizlarien profil-aniztasuna; hala, ikerketan ibilbide luzea egin duten adituak nahiz berriki ikerketan hasi direnekin batera aritzeko aukera izango dute entzuleek. Belaunaldiz belaunaldiko ezagutza-transmisioa hizkuntzan ez ezik ikerkuntzan ere garrantzizkoa dela ikustarazi nahi dute antolatzaileek, “aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” lelopean.

EGITARAUA hemen

NORI ZUZENDUA

Bost ataletan landuko diren gaiak interesekoak dira bai unibertsitate aurreko irakaskuntzan diharduten irakasleentzat, zein unibertsitate mailan irakasle eta hezitzaileen prestakuntzan diharduten ikasle eta irakasleentzat.

Bestalde, hizkuntza politikan, soziolinguistikan edota beste lurraldeetako hizkuntza-kooperazioan dihardutenentzat ere interesekoa izango da.

Hizkuntza-materialgintzan dihardutenek ere izango dute zer entzuna, eta ikasia.

Izen ematea