Badira hamar egun Euskara Ibiltaria erakusketa zabaldu zenetik, eta bisitari ugari izan ditu dagoeneko, 400 bat lagunek ikusi, entzun, usaindu eta dastatu baitute.
Otsailaren 27an aurkeztu ze prentsaurrekoan, eta Gasteizko Udaleko Alkateorde eta Euskara Zinegotzi den Iñaki Gurtubaik honako hitzok erabili zituen: “Erakundeen arteko lankidetza azpimarratu nahi dugu. Baita Euskaltzaindiarekin eta Oihanederrekin aspalditik dugun harreman estua eta emankorra. Ohore handia da erakusketa hau gure hirian izatea, eta horregatik Gasteiztar guztiak hona gonbidatu nahi ditugu, euskararen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzera”.
Hurrengo egunean, otsailaren 28an, zabaldu ziren erakusketako ateak bertara hurbildu nahi duen ororentzat. Jende andana bildu zen, eta Euskaltzainburu Andres Urrutiak horrela egin zien harrera hurbildutakoei: “Helburu argia du erakusketa honek: dialektologia mailan euskararen Akademiak egiten duen lana guztion eskura jartzea eta bide horretatik herriaren ahotsetik jaso dugun/ditugun euskara eta euskarak herriari itzularaztea, euskararen aniztasuna ezagutu dezan”.
Apirilaren 26ra arte izango da ikusgai Montehermoso kulturunea-Oihaneder Euskararen Etxean, eta hainbat bisita gidatu egingo dira Gasteizko ikastetxeekin eta euskaltegiekin.
Erakusketaren ordutegia:
- Asteartetik ostiralera: 17:00-20:00
- Larunbatetan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00
- Igandeetan: 11:00-14:00
Euskara ibiltaria erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta argitalpenak bezala, helburua euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.
Zentzumenek ere presentzia duten erakusketa da: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa eta, azkenik, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, garai bateko (XIX. eta XX. mendeak) bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.
Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara ibiltariaren helburua ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa oinarri
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aldakortasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratzen duena eta dagoeneko hamar liburuki dituena.
Proiektua 80ko hamarkadan abiatu zuten ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Komunitatea: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12), 319 berriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 artean, 5.000 ordutik gora elkarrizketaren bidez grabatzeko.
Atlasaren mamia gizarteratzeko erakusketa hau 2015ean antolatu zen lehen aldiz Beasainen (Portugaleten, Bilbon, Iruñean eta Baionan ere egon zen). Lau urteko ibilbidearen ondoren, 2019an, Euskaltzaindia bere mendeurrena ospatu zuen urtean, Euskara Ibiltaria eraberritu zuen (baliabide berriak txertatuz), eta aurpegi berria 2019ko martxoa eta ekaina bitartean erakutsi zuen lehen aldiz Bilboko Euskal Museoan. Oihaneder Euskararen Etxera etorri aurretik, San Telmo Museon eta Bermeon ere egon da ikusgai.