[BERTAN BEHERA] Euskara ibiltaria Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako erakusketa

otsaila
28
ostirala
19:00
2020
apirila
26
igandea
14:00
2020
Erakusketa gela

Oharra: Oihaneder Euskararen Etxeak egoera zail honetan, jasotako gomendioei eta aginduei jarraiki, JARDUERA GUZTIAK BERTAN BEHERA utziko ditu larrialdia baretu arte.

Euskaltzaindiak, Gasteizko Udalak eta Oihanederrek, Laboral Kutxaren babesarekin, Euskara ibiltaria erakusketa ekarriko dute Montehermoso kulturunea-Oihaneder Euskararen Etxera otsailaren 28tik apirilaren 26ra bitartean, sarrera doakoa izango da.

Euskara ibiltaria erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.

Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.

Zentzumenek ere presentzia duten erakusketa da: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa eta, azkenik, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, garai bateko (XIX. eta XX. mendeak) bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.

Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara ibiltariaren helburua ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa oinarri

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aldakortasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratzen duena eta dagoeneko hamar liburuki dituena. Proiektua 80ko hamarkadan abiatu zuten ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Komunitatea: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12), 319 berriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 artean, 5.000 ordutik gora elkarrizketaren bidez grabatzeko.

Atlasaren mamia gizarteratzeko erakusketa hau 2015ean antolatu zen lehen aldiz Beasainen (Portugaleten, Bilbon, Iruñean eta Baionan ere egon da). Lau urteko ibilbidearen ondoren, 2019an, Euskaltzaindia bere mendeurrena ospatzen ari zen urtean, Euskara Ibiltaria eraberritu zuen (baliabide berriak txertatuz), eta aurpegi berria 2019ko martxoa eta ekaina bitartean erakutsi zuen lehen aldiz Bilboko Euskal Museoan. Oihanederrera etorri aurretik, Bermeon eta Donostiako San Telmo museoan ere egon da ikusgai.

Erakusketa birtuala, Euskaltzaindiaren webgunean ikusgai

Erakusketa Euskaltzaindiaren webgunean ere ikus daiteke, honako loturan: https://www.euskaltzaindia.eus/euskara-ibiltaria

Honela, Euskara ibiltaria orrian erakusketa fisikoaren elementu berdinak islatzen dira:

1. Aurkezpenaren atala: erakusketaren azalpen nagusia erakusten da bertan. Azalpenaren audioak ere entzun daitezke, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa.

2. Jolas interaktiboen atala: lau dira jolas interaktiboak:

  • Euskal ahotsak
  • Euskararen unibertsoa
  • Hizkuntzaren aberastasuna
  • Osatu atalez atal

3. Erakusketaren eremuak eta bertan agertzen diren panelak.

  • Erakusketako panel guztiak ikus daitezke, eremuka banatuta.
  • Eremu bakoitzeko audioak ere entzun daitezke

Erakusketaren ordutegia:

  • Asteartetik ostiralera: 17:00-20:00
  • Larunbatetan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00
  • Igandeetan: 11:00-14:00