Iazko urrian Gasteizko gazteen artean euskarazko kultur sormena sustatzeko Batera deialdia jarri zuten martxan Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak aisialdi programak. Hainbat proiektu proposamen jaso ziren, eta horietako hiru diruz laguntzeko erabakia hartu zuen epaimahaiak: Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea, Idi-gosea eta Beita.
Behin epaia ezagututa, crowdfunding kanpainak prestatu, martxan jarri eta helburu ekonomikoa lortu arte lanean jarraitu zuten hiru proiektuetako arduradunek: Aritz Ibarrak (Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea),Sandra Salazarrek(Idi-gosea) eta Aitor Gomezek, Xup! Antzerki taldearen izenean (Beita).
Azken hilabeteak proiektuak garatzeko erabili dituzte Aritzek, Sandrak eta Xup! Antzerki taldeak. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 7etatik aurrera, beren proiektuen garapen prozesuaren nondik norakoen berri emango dute Oihanederren. Egun horretan, Itsulapikoa.eus plataformaren bidez crowdfunding kanpainan babesa eman dieten lagunek beren sariak jasotzeko aukera izango dute.
Gauekoak programak eta Oihanederrek elkarlanean aurrera ateratako deialdi honetan ezinbestekoa izan da Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren laguntza, izan ere, 2.000€ ko ekarpen bana egin baitiote bi proiekturi. Hirugarren egitasmoaren babesleak Gauekoak eta Oihaneder izan dira.
Lau deialdi izan ditu Batera, kultur proiektuak elkarrekin egitasmoak orain arte, eta guztira, 11 kultur proiektu gauzatu dira dirulaguntza honi esker: liburuak, ikus-entzunezkoak, diskoak, ikuskizunak, fanzineak, eleberri grafikoak, erakusketak… aniztasun handia, gure sortzaile gazteen irudimenaren ispilu.
Aurkezpena doakoa izango den arren, gonbidapena aurrez eskuratzea gomendatzen da, ohiko moduak erabilita: oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota BIBE plataformaren bidez eskuratuta. Ekainaren 14tik aurrera zabalduko dira hiru aukera hauek.
Aurkeztuko diren proiektu irabazleak
Aritz Ibarrak Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea eleberri grafikoaren egitasmoa landu du. Gasteizko historiaren gertakari erabakigarri bat ezagutaraztea helburu du proiektu honek: 1200. urtean tropa gaztelarrek Nova Victoria (Gasteiz) hiri nafarra konkistatu, eta bertako hiritarren eta herriaren etorkizuna errotik aldatu zuten. Garai hartako gasteiztarrek erresistentzia izugarria egin zuten konkistaren kontra, horren ondorioz hiriaren setioak 8/9 hilabete iraun zuen.
Sandra Salazarren Idi-gosea proiektuak elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio bulimiaren gaiak aztertu ditu. Fanzinean, argazkiekin eta aldizkarietako hitzekin egindako collage ezberdinen bidez eta hainbat informazio osagarriz nerbio bulimiaren inguruko informazioa eta gaixoen sentimenduak aztertu, EJNen isultasuna apurtu eta gertutik ezagutzera lagunduko digu Sandrak.
Taldean aurkeztu du bere proiektua XUP! antzerki taldeak, eta Aitor Gomez dabil ordezkari lanetan: Beita proiektuak hamabost minutuko zortzi ataleko web-saila izan nahi du, eta eduki osagarriz lagundua argitaratu. Proiektu digital eta transmedia izango da, beraz, zortzi atalak oinarri digital batean izango dira eskuragarri. Ikuspegi gazte eta feminista batetik sortutako lana da Beita, gazteok gazteontzako sortua; misterio edo thriller eran kontaturiko istorioa da, eta euskaraz eginikoa.