BATERA deialdiko proiektu irabazleen crowdfunding kanpainak abian dira

2020-02-20 / oihaneder

Gaur eguerdian eman dira jakitera zeintzuk izan diren BATERA 2019/2020 deialdiko irabazleak Falerina kafetegian eginiko prentsaurrekoan.

Itziar Uriarte eta Irune Zabaleta (banaka) eta Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata (taldeka) gazte gasteiztarrak dira iazko azaroan martxan jarritako Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko irabazleak.

Aukeraketa egiteko epaimahaia Gasteizko Udaleko Gazteria, Euskara eta Kultura zerbitzuetako teknikari banak eta Oihaneder Euskararen Etxeko arduradun batek osatu dute. Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu zituen, Iñaki Lazkano Oihanederreko ordezkariaren hitzetan “beren orijinaltasuna, elkarlanareko joera eta inguruarekin duten lotura” dela-eta.

Hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko eta gaur jarri dira abian: https://www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak

Aukeratutako proiektuak garatu ahal izateko hiru irabazleek Oihanederen, Laboral Kutxa eta Vital Fundazioaren laguntza jaso dute. Izan ere, crowfunding eta komunikazio kanpaina orokorra antolatzeko aholkularitza jaso dute, baita kanpaina abiatzeko 2000na €.

Hemendik aurrera 40 eguneko iraupena izango duen crowdfunding bana jarri dute abian herrialdeko kulturzale eta euskaltzaleek beren proiektuak diruz lagun ditzaten.

Horrez gain, #KulturaBatera traolapean sustatuko dituzte beren lanak, horretarako beren beregi sortutako Instagram eta Facebook kontu ezberdinetan:

Facebook: https://www.facebook.com/Hirurak-Batera-100183434919396/

Instagram:  @3ak1era @erroak_dokumentala @hitz_anitz @purpusu

Hiru proiektu irabazleetatik bi, liburuak sortu, garatu eta argitaratzeko proiektuak dira, eta hirugarrenak, berriz, ikus-entzunezko bat sortzea du helburu.

Bizimundua proiektuak emakumeen inguruko egoera ezberdinak jorratzen dituen ipuin liburua osatu nahi du, hiru euskarri ezberdinetan garatuta: ohikoa, braile hizkuntzan garatutakoa eta zeinu hizkuntzan, bideoan grabatutakoa. Itziar Uriarteren hitzetan, “haratago joatera gonbidatzen zaituen ipuin-bilduma inklusiboa da. Proiektu honek, euskara oinarritzat hartuta eta zeinu hizkuntza zein braillea bidelagun izanda, kulturaniztasuna eta giza eskubideak gure errealitatera ekarri nahi ditu. Bizimundua-ko ipuinez gozatzera ausartzen dena, ezinbestean, begiak irekitzeko prest egon behar da”.

Tinta eta grafito artean: musak lanean, aldiz, Irune Zabaletak olerki liburuxka ilustratu bat osatuko du: “Adiskide batzuk esan didate maiz noiz argitaratuko nituen, eta ez nuen ezta ideia hori pentsatu ere. Baina denbora joan ahala ez zitzaidan ideia txarra iruditu. Azkenean, denori gustatzen zaigu sentiaraztea, identifikatuta sentitzea, ezta? Horrela txikitako amets bat betetzea lortuko nuen ere bai: idazlea izatea eta bi urteko lan horri beste bide bat ematea”.

Hirugarren proiektua, Erroak, berriz, ikus-entzunezko formatuan garatuko dute Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata taldekideek: Arabako herriei buruzko dokumental honetan zenbait herri nola hustutzen ari diren kontatuko dute. Euren hitzetan: ”Hutsik geratzen ari diren Arabako herri txikietako egoera azaleratu nahi dugu Erroak dokumentalaren bitartez, biztanle hauekin elkarrekin topo eginez eta euren egunerokotasuna islatuz”.

Iazko emaitza ederra ikusita, eta aurtengo proiektuen asmoak kontuan hartuta, Gasteizko gazteen proiektu kulturalak euskaraz garatzeko beste modu egonkor bat abian da jada, Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdia

Deialdiaren prozedura:

  • 3 crowdfunding proiektuen kanpaina abian jarriko da, otsailaren 20tik martxoaren 30era (40 egun izango dituzte helburua lortzeko).
  • Beren buruei ezarritako helburuak lortzen laguntzeko antolatzaileek eta babesleek 2.000 €-tako ekarpena egingo diete.
  • Proiektuak garatzeko gutxi gora-behera hiru hilabete emango zaie: apirila, maiatza, ekaina.
  • Proiektuak Oihanederren aurkeztuko dira ekainaren 23an.