Alarma egoerari eta derrigorrezko itxialdi honi zirrikitu bat topatu nahian, eta Aste Santu honetan etxean geratu beharko garenez, Oihaneder Euskararen Etxeak irudimenarekin bidaiatzea proposatzen dizue. Horretarako “Alegiazko bidaien kontakizun-lehiaketa” antolatu da. Ipuinak, kronikak, egunerokoak… oihaneder@oihaneder.eus helbidera bidali beharko dira, eta 3.000 karaktere inguruko kontakizunak izan beharko dira. Apirilaren 20ra arteko epea izango dute irudimenarekin bidaiatzeko eta kontatzeko aukera egiten dutenek.
Oihaneder Euskararen Etxeak Aste Santu berezi honetarako lehiaketa-proposamena egiten du bidaiak eta idaztea gogoko duen ororentzat. Egun hauetan ezin izango garenez etxetik irten, zergatik ez dugu irudimenarekin bidaiatzen?
Izan ere, bidaien kontakizunak, ipuinak, kronikak, nobelak…edozein hizkuntzaren literatura tradizioaren parte dira, eta euskaraz ere adibide ederrak ditugu. Genero ederra, ezbairik gabe, sarri irudimenarekin baino ez dena jorratu, norberaren etxetik irten gabe, alegia. Edo akaso Jonathan Swift-ek Gulliver ospetsuaren bidaia-leku guztietan egon zen?
Hori da proposatzen duguna, irudimenarekin bidaiatzea, eta gutxi gorabehera 3.000 karakteretan kontatzea. Hitzak atontzeko, eta bidaia hobeto deskribatzeko ilustrazioak edo irudiak ere erabili ahalko dira begien gozamenerako.
Parte hartu nahi dutenek oihaneder@oihaneder.eus helbidera bidali beharko dituzte beren kontakizunak apirilaren 20a baino lehen.
100€, 50€ eta 30€ko bonoak izango dituzte zain Gasteizko ZULOA eta MARA-MARA liburu-dendetan gastatzeko.