Barrutiak ezagutzen toki eta oihan ederrean

2016-05-20 / oihaneder

Barrutia eta Tokieder eskoletako lagunek goizean egindako bisitaren inguruan idatzitakoak:

Goiz ederra pasatu dugu Oihaneder Euskararren Etxean. Kontua da ikastetxeetan maiz ibili ohi garela ikasleak euskarara nola hurbildu asmatu nahiean, eta helburu hori lortu nahiean honako jarduera burutu dugu gaur. Lehenengo Barrutia eta Tokieder ikastetxeetako ikasleek beren auzoan euskal hiztunak bilatu eta horiei elkarrizketak egin zitzaizkien, solasaldi hauek bideoz jaso ziren eta taldeka txukundu.

Lan horiek ikusteko bi ikastetxeok Oihaneder Euskararen Etxean hitzordua jarria genuen maiatzaren 20an, eta horixe egin dugu gaur, buruturiko lana elkarrekin giro onean ikusi. Eta guztiari amaiera zoriontsua emateko euskal kulturaren errefentziazko pertsona esanguratsu eta erakargarri bat behar genuen; zein aukeratuko, eta musikari bat aukeratu genuen, Iñaki Ortiz de Villalva Betagarri taldeko abeslaria. Hortxe aritu gara berari galderak egin eta egin, bere barrutik onena atera nahiean.

Pozik atera gara guztiok, pozik ikasleak, eta are gehiago irakasleak: auzoa, euskara, eta musika lotzea lortu dugulako eta hori gutxi ez, eta Oihaneder Euskararen Etxea ere ezagutu dugulako.