Aukera bazenu, zer galdetuko zenioke Toti Martinez de Lezeari? Bere abestirik gogokoena zein den jakin nahiko zenuke? Bere objektu kuttunak ezagutu? Elkarrekin askaldu? Zatoz SolasAlean elkarrizketa irekira eta bota zure galdera!
Toti Martinez de Lezea (Vitoria-Gasteiz, 1949) gaztelaniaz zein euskaraz idazten duen arabar idazle eta itzultzailea da. Ingeles, frantses eta aleman itzulpengintzako ikasketak egin ostean telebistako gidoilaria eta aktorea izan da, eta Kukubiltxo antzerki taldearen sortzaileetako bat. Gaur egun Larrabetzun (Bizkaia) bizi da.
Eleberri historikoa landu du bereziki, eta arlo horretan arrakasta handia lortu du Euskal Herrian. Haur literatura ere egin izan du. EITBrentzat haur eta gazteentzako saioetarako gidoiak idatzi ditu bai eta saioak zuzendu ere.
Apostu baten aitzakian idatzi zuen bere lehen eleberria; La Abadesa. Apostua ondo irabazita, ostean sortutako lanen zerrendak ez du amaierarik: La calle de la Judería, Las torres de Sancho, La Herbolera, Señor de la guerra, Los hijos de Ogaiz, La Brecha, , La voz de Lug, La Comunera, El Verdugo de Dios, A la sombra del templo, El jardín de la Oca, La Universal, Los grafitis de mamá, Placeres Reales, Perlas para un collar (Angeles de Irisarrirekin batera), La cadena rota, La flor de la argoma, Veneno para la corona, NUR, Sorginak, Mareas / Urak dakarrena, Itahisa, ENDA, Y todos callaron eta Tierra de leche y miel.
Elkarrizketa irekia 19:00etan izango da Ortuño aretoan. Oraingo honetan Unai Ugarte eta Estitxu Ugarte kazetariek egingo dituzte gidaritza lanak eta betiko lez, publikoak nahi beste galdera egin ahalko ditu. Elkarrizketan esandakoak ALEAn argitaratuko dira. Sarrera irekia da lekua bete arte.
SolasALEAn Oihanederrek eta ALEA komunikabideak elkarlanean egindako ekimena da, hilero arlo anitzetako pertsonak modu hurbil eta atseginean gehiago ezagutzeko aukera ematen duena. Kazetarien-elkarrrizketa gidarien galderez gain, publikoak egindakoak ere erantzuten dituzte gonbidatuek. Orain arte Gorka Urbizu, Garbiñe Biurrun, Kike Amonarriz, Josebe Iturrioz, Ane Irazabal, Juan Jose Ibarretxe, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx ”, Maialen Lujanbio, Gemma Zabaleta, Iñaki Perurena, Zuriñe Hidalgo, Jone Goirizelaia, Alberto Zerain, Sabin Salaberri eta Jokin Bildarratz izan ditugu gurean SolasAlean.