Aukera bazenu, zer galdetuko zenioke Sabin Salaberriri? Bere abestirik gogokoena zein den jakin nahiko zenuke? Bere objektu kuttunak ezagutu? Elkarrekin askaldu? Zatoz SolasALEAn elkarrizketa irekira eta bota zure galdera!
Sabin Salaberri Urzelai (Aramaio, 1934) euskal musikari eta irrati esatari ezaguna da. Oso gaztetatik lotu zuen bere bizitza musikarekin. Gasteizko Seminarioan ikasketak burutu ostean Francisco Escudero maisuarekin ikastera joan zen Donostiara. Carmelo Bernaolaren zuzendaritzapean biribildu zuen bere musika prestakuntza Jesus Guridi Kontserbatorioan. Bertan urte luzez ibili da irakasle eta zuzendari lanetan. Nabarmentzekoa da abesbatzekin izan duen harremana. Besteak beste, 1960tik 1977ra Gasteizko Seminarioko Schola Cantorum zuzendu zuen eta Araba abesbatzaren sortzaileetako bat izan zen. 1996an San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako kide izendatu zuten. Bere herriko seme kuttuna ere bada eta 2006an Gasteizko Urrezko Zeledoi saria jaso zuen. Musikari lana esatari lanarekin uztartu izan du, komunikabide desberdinetan kolaborazioak eginez.
Elkarrizketa irekia 19:00etan izango da Betolaza aretoan. Oraingo honetan Rosa Ortiz de Mendivil eta Anakoz Amenabar kazetariek egingo dituzte gidaritza lanak eta betiko lez, publikoak nahi beste galdera egin ahalko ditu. Elkarrizketan esandakoak ALEAn argitaratuko dira. Sarrera irekia da lekua bete arte.
SolasALEAn Oihanederrek eta ALEA komunikabideak elkarlanean egindako ekimena da, hilero arlo anitzetako pertsonak modu hurbil eta atseginean gehiago ezagutzeko aukera ematen duena. Kazetarien-elkarrrizketa gidarien galderez gain, publikoak egindakoak ere erantzuten dituzte gonbidatuek. Orain arte Gorka Urbizu, Garbiñe Biurrun, Kike Amonarriz, Josebe Iturrioz, Ane Irazabal, Juan Jose Ibarretxe, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”, Maialen Lujanbio, Gemma Zabaleta, Iñaki Perurena, Zuriñe Hidalgo, Jone Goirizelaia eta Alberto Zerain izan ditugu gurean solasAlean.