S (u/a) minetik bakera

maiatza
20
igandea
19:00
2018

“S(u/a)minetik bakera Patxi Lurrak (Iñaki Peñak) idatzi eta zuzendutako ikus-entzunezko proposamen lan eszenikoa da, Mudoh-ren (Aitor Monje) musikarekin eta Arteman Komunikazioak ekoiztua.

‘S(u/a)minetik bakera’ ikus-entzunezko lan proposamena da, zuzenean interpretatzeko sortua den musika konposizio baten bidez.

Bi hilketek eragindako doluetan piztutako sentipenak eta hausnarketak lagunduko dituzte literatura erreferentziek, irudiek eta musikak.

Lan honen ardatza diren bi emakume arrasatearren testigantzak entzungo dira, eta tarteka bi narratzailek lau ataletan,apurka-apurka,  suminetik eta saminetik bakera eramango gaituzte .

Abiapuntua Batallón Vasco Español-ek eraildako Iñaki Etxaberen alaba (Olatz Etxabe) eta ETAk eraildako Isaias Carrascoren alaba (Sandra Carrasco) dira.

Koldo Rodriguez eta Naia Egiluz Mojas narratzaileak arituko dira lau ataletan; hori guztia Mudoh-k zuzenean interpretatuko duen musikak lagunduta. Beraiei esker lau ataletan suminetik bakera pasako gara.

Lan honek nahi du sumina eta samina atzean utzita, bakera arteko bidea egiten laguntzea. Bizitzaren alde honetan gelditu garenok gure artean elkar ulertzen eta errespetatzen saiatzea. Eskua eman beste pertsona horri, sekula pentsatuko ez zenuena. Arantzak kendu eta elkarri aurpegira begiratzea.Sumina eta samina atzean utzi eta bakea topatzea.

Arteman Komunikazioaren eta Iñaki Peñaren arteko elkarlanaren sorrera ‘Aulki Hutsak’ heriotza eta doluari buruzko dokumental arrakastatsuan datza.

Ikuskizun hau Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara zikloaren barruan kokatzen da. Ziklo honek Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun ezberdinen erakusleihoa izan nahi du. Hilean behin egiten da, igande arratsaldetan. Saski Naskik batez ere, literatura, antzerkia, dantza, irudiak eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak izango ditu ardatz; baina ez dizkio ateak ixten beste mota batzuetako proposamenei, beti ere Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan egingarriak badira.