Marlik Blues & Rock

ekaina
13
osteguna
19:30
2019
Falerina taberna

Ekainari ereiaro ere deitzen omen zaio.

Oihanederren hilabete honetako egitarauari bestelako izaera eman nahi izan diogunez, izena ere aldatu diogu: Ereiaroa, ereiteko aroa, lurra prestatu ondoren hazia bertan barreiatu edo sartzeko garaia. Izan ere, haziak bezala barreiatu nahi ditugu ekain-ereiaro honetan euskal sortzaileen lanak Gasteizen.

Dagoeneko bi filmez eta antzezlan batez gozatzeko aukera izan dugu Ereiaroan.

Gaur, aitzitik, musikaren txanda izango da Zumaiatik datorkigun Marlik taldearekin. Kostaldeko herri horretako lau gaztek osatzen dute taldea eta kresal usaina dakarte airean…

2015ean sortutako taldeak euskaraz abesturiko rock-blues erritmoak jorratzen ditu, country eta swing ukituak emanez. 2017an izen bereko lehen lan luzea plazaratu zuten, euskaraz abesturiko 10 kantuz osaturiko disko auto-ekoiztua. 2018aren amaieran Legutioko maketa lehiaketa irabazi ostean 3 abestiko zuzeneko lan laburra kaleratu zuten digitalki.