Aukera bazenu, zer galdetuko zenioke Maialen Lujanbiori? Bere abestirik gogokoena zein den jakin nahiko zenuke? Bere objektu kuttunak ezagutu? Elkarrekin askaldu?
Zatoz SolasALEAn elkarrizketa irekira eta bota zure galdera!
Arte ederretan lizentziaduna Maialen Lujanbio (Hernani, 1976) bertsolaria da afizioz eta ofizioz. Bertsotan ikastolako bertso-eskolan hasi zen. Eskolarteko txapelketetan parte hartu zuen urteetan, eta haien bidez murgildu zen pixkanaka bertso-munduan. 15 urterekin ekin zion plazaz-plazako ibiliari, bere belanaldiko beste zenbait bertsolari gazterekin batera.
2003. urtean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen eta lautan lortu du Txapelketa Nagusiko azken saiorako sailkatzea, 1997an, 2001 (urte horretan txapeldunorde izan zen) eta 2005ean. 2009an Txapelketa Nagusiko txapela janstea lortu zuen.
Bere bat-bateko bertsokera landu eta garatzeaz gainera, bertsotik abiatutako bestelako sorkuntza ariketak ere abiatu izan ditu Lujanbiok “Ornitorrinkus “proiektua, “Txori Mugariak” irrati performancea edo “Hegi, Egia, Egiak” esaterako. Letren bueltan bizi da Maialen Lujanbio. Bat-bateko bertsogintza landuz nagusiki, letra idatzietan ere bai tarteka, eta hitzetatik abiatutako bestelako sorkuntza saiakeratan murgilduta.
Sarrera irekia da lekua bete arte. Elkarrizketa irekia 19:00ean hasiko da klaustroan. Bertan esandakoak ALEAn argitaratuko dira.
SolasALEAn Oihanederrek eta ALEA komunikabideak elkarlanean egindako ekimena da, hilero arlo anitzetako pertsonak modu hurbil eta atseginean gehiago ezagutzeko aukera ematen duena. Kazetarien galderez gain, publikoak egindakoak ere erantzuten dituzte gonbidatuek. Orain arte Gorka Urbizu, Garbiñe Biurrun, Kike Amonarriz, Josebe Iturrioz, Ane Irazabal, Juan Jose Ibarretxe eta Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” izan ditugu gurean solasAlean.