GEU elkarteak eta Oihanederrek bat egin dugu gazteen artean euskal kantu herrikoiak eta garaikideak ezagutarazi eta kantu zaletasuna bultzatzeko xedez. Horretarako, Mikel Markez musikariak gidatutako tailerra antolatu dugu, euskal kantagintzaren historian murgiltzeko eta kantuak bizitzeko aukera emango duena
Gazteak erakartzeko asmoari jarraiki, parte-hartzaileen artean 18-35 urte bitarteko lagunak lehenetsiko dira. Interesdunek azaroaren 28tik urtarrilaren 8ra bitartean eman ahalko dute izena. Matrikula orokorrak 20 €ko prezioa du, langabe eta ikasleentzat 15 €.
Ikastaroa bost saiotan banatuko da, 2017ko urtarriletik maiatzera bitartean. Hilean behin saio bat egingo da, ostegunetan 19:00-20:30 artean zehazki. Saio parte hartzaileak izango dira, izan ere, euskal kantagintzaren historiaren pasarteak lantzearekin bat, garai bakoitzeko zenbait kantu landuko dira guztien artean abesteko.
Lehenengo saioan, urtarrilaren 12an, 60ko hamarkadara arteko euskal kantagintza aztertuko da. Argizarizko grabaketa eta arbelezko diskoetatik single txikietara egingo da jauzi otsailean. Martxoak 70eko hamarkadako LPak izango ditu protagonista eta apirilak 80ko kasetteak. Amaitzeko, euskal musikak 90eko hamarkadatik gaur egunera izandako bilakaera aztertuko da.
Tailerraren oinarrizko informazioa:
- Hasiera: 2017ko urtarrilaren 12a
- Amaiera: 2017ko maiatzaren 11
- Ordutegia: Ostegunak. 19:00-20:30. Hilean behin
- Izena emateko: hemen
- Izena emateko epea: Urtarrilaren 8ra arte
- Prezioa: Matrikula orokorra 20 € / Ikasle eta langabetuak: 15 €
- Edukia:
- Urtarrilak 12: Argizarizko grabaketak eta arbelezko diskoak
- 60ko hamarkadara arte: Testuinguru historikoa. Aurrekariak. Ahozkotasunaren garaia. Iparragirre eta Etxahun. Lehen grabaketak Parisen 1900. urtean. Lore Jokoak. Soroak eta Mixel Labeguerie.
- Otsailak 9: Single txikiak
- 60ko hamarkada. Testuinguru historikoa. Ez dok Hamairu. Influentziak. Oteiza eta Aresti. Kantu tradizionalaren berreskuratzea.
- Martxoak 16: LPak
- 70eko hamarkada. Testuinguru historikoa. Ez dok Hamaiururen amaiera. Kantagintza politikoa. Txanpinoien Aroa. Lehen rock doinuak. Lehen folk doinuak.
- Apirilak 6: Kasetteak
- 80ko hamarkada. Testuinguru historikoa. Pott banda. Euskal Rock Erradikala (RRV). Punk mugimendua. Itoiz eta mugimendu alternatiboak.
- Maiatzak 11: KDak eta interneta
- 90eko hamarkadatik gaur arte. Testuinguru historikoa. Estilo aniztasuna. Joera nagusienen errepasoa. Gaur egungo egoera internetaren ondorioz.
- Urtarrilak 12: Argizarizko grabaketak eta arbelezko diskoak