Josu Bergara Eatarrak Kanta Txikien Indarra

maiatza
25
osteguna
19:30
2017

josu-bergara_web Josu Bergarak emango dio amaiera ikasturte honetako Eskilarapeko soinuak formatu txikiko musika kontzertuen zikloari.

Eatarrak Kanta Txikien Indarra (Taupaka elkartea, 2015)  izeneko lan berria ekarriko digu. Ekainaren amaieran grabatu zuen zuzenean, zortzi musikariz osatutako bandarekin. Azpimarratzekoa da Nerea Alberdi biolinista eta Mikel Nuñez Lauzirika piano-joleak egindako lana. Dani Gonzalezek (baxua), Txema Aranak (bateria) eta Natalia Wangek, Ariadna Villatek eta Claudia Díezek -biolina, biola eta txeloa hurrenez hurren- osatu zuten zuzeneko grabazioaren musikari banda.

Bilboko Bigorringo eta Euridia estudioetan edizioa eta masterizazio lanak bukatu ondoren, hamalau abestiz osatutako lana plazaratu zuten. Gainera, Mikel Markez bakarlariak, Gaizka Peñafiel trikitilariak, Maria Rivero eta Ane Martinez abeslariek eta Izaskun Canga ukelele jotzaileak ere kolaboratu zuten diskaren grabaketan.

Josu Bergararen abestietan ahotsaren pisua eta goxotasuna dira nagusi, baita gitarra jotzeko modu berezia ere, folk zein pop ikutuekin. Bere musikak Damien Rice, Glen Hansard, Herman Dune edo Ray Lamontagne kantarien lana ekartzen digu gogora.

2015ean abiatutako Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko kontzertuen zikloak ibilbide luzeko zein hasi berri diren musikarien eskaintzaz gozatzeko aukera ematen digu Oihaneder Euskararen Etxeko atrioaren goxotasunean. Kontzertuak hilean behin izaten dira, hileko azken ostegunean zehazki.