Aukera bazenu, zer galdetuko zenioke Iñaki Perurenari? Bere abestirik gogokoena zein den jakin nahiko zenuke? Bere objektu kuttunak ezagutu? Elkarrekin askaldu? Zatoz SolasALEAn elkarrizketa irekira eta bota zure galdera!
Iñaki Perurena Gartziarena (Leitza, 1956) historiako harri-jasotzaile handienetako bat da. Horrez gain, aktore, olerkari, bertsolari, eskultore eta historiazalea ere bada. Lanbidez harakina. Bere hiru semeetako bat, Inaxio, harri-jasotzailea da baita ere eta erakustaldietan elkarrekin aritzen dira. Haurtzarotik harri-jasotzeko zaletasuna zuen arren, etxean ez zuten begi onez ikusten, eta hasieran ezkutuka ibili zen. Aizkoran ere hasi zen eta 16 urterekin gazte mailako txapela irabazi zuen. Hogei urte inguru zituela, harri-jasotze apustuak alde batera utzi zituen, “kirola apustua baino nahiago zuelako“. Handik aurrera, harri handiekin markak egiten jardun zuen. Erakustaldi ugari egin ditu, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Hizlari aparta izanik, lan handia egin du harriaren mundua ezagutarazten. Asmo horrekin, 2009an Leitzako Gorrittenea baserrian, Peru Harri museoa, harriari, herri kirolari eta Euskal Herriko kultura eta historiari eskainitako museoa ireki zuen. 1999an Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirol Merituaren Urrezko Domina eman zion.
Elkarrizketa irekia 19:00ean izango da klaustroan. Bertan esandakoak ALEAn argitaratuko dira. Sarrera irekia da lekua bete arte.
SolasALEAn Oihanederrek eta ALEA komunikabideak elkarlanean egindako ekimena da, hilero arlo anitzetako pertsonak modu hurbil eta atseginean gehiago ezagutzeko aukera ematen duena. Kazetarien galderez gain, publikoak egindakoak ere erantzuten dituzte gonbidatuek. Orain arte Gorka Urbizu, Garbiñe Biurrun, Kike Amonarriz, Josebe Iturrioz, Ane Irazabal, Juan Jose Ibarretxe, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”, Maialen Lujanbio eta Gemma Zabaleta izan ditugu gurean solasAlean.