Högeitavåt Iñigo Astiz eta Mikel Ayerbe

abendua
15
igandea
19:00
2019
Klaustroa

Iñigo Astiz idazlearen Analfabetoa liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute Astizek berak eta Mikel Ayerbek: Högeitavåt. Nahasian doaz alor intimoa eta soziala irakurketan. Poesia da saioaren muina, baina soineko eszenikoa jantzi diote proposamenari egileek, eta antzerkia, hitza eta performancea batu dituzte horretarako.

Iñigo Astiz (Iruñea, 1985). Baita hondakinak ere (2012, Susa) eta Analfabetoa (2018, Susa) poema liburuak argitaratu ditu. Kixotenean (2016, Elkar) kronika liburua eta Joemak eta polasak (2019, Elkar) ume eta gazteentzako poesia lana ere baditu kalean. Horrez gainera, Sylvia Plath idazlearen Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean), eta Sandro Penna poetaren bilduma bat ere (Farmazia Beltza eta eFi) ere itzuli ditu. Alberto Barandiaran eta Miren Rubio kazetariekin batera plazaratu zuen 2017an Ez duzu abusatuko, pederastia kasuak Euskal Herriko elizan (2017, Elkar) ikerketa lana. H28 aldizkari satiriko digitalaren sortzaile taldeko kide ere izan zen, eta Berria egunkarian aritzen da egun kazetari, kultura atalean, eta bitan jaso du Rikardo Arregi Kazetaritza Saria bertan argitaratutako lanengatik. Mikel Ayerberekin batera Hondakindegia. ikuskizun poetiko EZ
musikatua
sortu zuen.

Mikel Ayerbe Sudupe (Azpeitia, 1980) Literatur Teorian eta Literatura Konparatuan (UB) eta Euskal Filologian (EHU) lizentziatua da eta egun, Gasteizko Letren Fakultatean dihardu euskal literaturako eskolak ematen. Gerra Zibilaren eta egungo gatazka sozio-politikoen inguruko ipuinak
biltzen dituen Our Wars: Short Fiction on Basque Conflicts (CBS, 2012) apailatu du eta Euskal Narratiba Garaikidea: Katalogo bat (Etxepare Euskal Institutua, 2012) egilea ere bada. Berria egunkarian literatur kritikari lanak egiten aritua da eta Haur eta Gazte Literaturaren esparruan ere
hainbat lan eginikoa da. Horrez gainera, Iñigo Astizekin batera Hondakindegia. Ikuskizun poetiko EZ musikatua sortu zuen.

Saioa doakoa da. Izen-emate epea amaitu da.

Izena eman ez baduzue, egunean bertan gerturatu zaitez Oihanederrera. Aforoaren arabera emanaldira sartzeko aukera izango duzue.