Euskararen bidegurutzean… Kike Amonarriz eta Iñaki Lazkano

azaroa
10
asteazkena
18:30
2021
Ortuño

Ikaslearen irteera-profilaren ohiko galdera da abiapuntua: Euskarari eta euskal kulturari buruz ari garela, zer jakin behar du Gasteizko gazte batek derrigorrezko hezkuntza amaitzen duenean?

JAKIN aditza era zabalean ulertzen dugu: jakin, egiten jakin, (norbera) izaten jakin. Azken honi ere (balioak, jarrerak…) garrantzia ematen diogu.

Galdera horri erantzuteko, hezkuntza komunitatea beste hiru komunitaterekin harremanetan jarri nahi dugu, erantzun partekatuak bilatzeko:

  1. Euskalgintzarekin, euskararen inguruan diharduen komunitatearekin, alegia
  2. Euskarazko kulturgintzarekin eta
  3. Aisialdi hezitzailearen inguruan lan egiten duten kolektiboekin (aisialdia zein eskola kirola)

Hori horrela, lau saioko ziklo bat osatu dugu. Saio bakoitzak berezko zentzua du, baina, ahal dela, saio guztiak egitera gonbidatu nahi zaituztegu.

Ikastaro hau Gasteizko Udalak antolatu du Gasteizko BerritzeguneakOihaneder Euskararen Etxea eta UEUrekin elkarlanean.

Euskararen bidegurutzean… jakin, egiten jakin, izaten jakin

Kike Amonarrizek sarritan esan du beharrezkoa dela eskolan oinarrizko soziolinguistika lantzea: (a) iritsi garen lekura nola iritsi garen ohartzeko, eta (b) gaur egungo testuinguruan abian dauden dinamika soziolinguistikoak ezagutu eta horien aurrean nola jokatu jakiteko. Iñaki Lazkanok lehen arloa landuko du, eta Kike Amonarrizek bigarrena.

OHARRAK:

  • Egoerak eta Lehendakariaren urriaren 6ko 39/2021 dekretuak eskatzen dituen segurtasun baldintzak bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da jarduera hau, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.
  • Jarduerara 10 minutu lehenago etortzea gomendatzen da.
  • Hiru urtetik beherako adingabeak ezin dira sartu helduentzako diren emanaldietara.
  • 3-12 urte bitarteko haurrak eta gaztetxoak heldu batek lagunduta egon behar dira emanaldian, eta haiek ere gonbidapena behar dute.
  • Jarduera hasi eta 5 minutura gonbidapenek duten balioa galduko dute.