UEUrekin elkarlanean antolatutako jardunaldi honek aukera paregabea eskainiko du ELEBILABen ia hiru hamarkadetako ibilbidean geldialdi bat eginez Euskal Herriko elebitasun goiztiarraren, eskola bidezko hizkuntzen irakaskuntzaren eta eleaniztasunaren tratamenduaren ikerketan izan diren aldaketez hausnartzeko eta ikerketaren emaitza nagusiak gizartearekin partekatzeko.
ELEBILAB (Elebitasunaren Laborategia) Itziar Idiazabalek UPV/EHUn joan den mendeko 90eko hamarkadan abiatutako ikertaldearen jarraipena da, Euskararen Legea EAEn onartu eta urte gutxitara. Hainbat ikerketa proiektu bideratu dira ELEBILABen harrezkeroz Euskal Herriko hizkuntzak haur-nerabeek etxean edota eskolan nola bereganatu eta erabiltzen dituzten ikertzeko eta baita ahozko euskararen erabilera eta haren didaktika ere. Ibilbide horretan Euskal Herriko zein nazioarteko ikertzaileak izan ditu bidelagun. Euskal gizarteak elebitasunetik eleaniztasunerako bideari heldu dion XXI. mendean, UPV/EHUko Hizkuntza Gutxituen UNESCO Katedra abiarazi zuen Idiazabalek, 2007an.
Urriaren 4an eta 5ean egingo den jardunaldi honetako gaiak (irakaskuntza eleaniztasuna; irakasleen prestakuntza; euskara elebidun goiztiarren hiztegia eta gramatika; hizkuntza aniztasuna munduan eta Euskal Herrian; ahozkoaren didaktika eta diskurtsoaren analisia) interesekoak dira bai unibertsitate aurreko irakaskuntzan diharduten irakasleentzat, zein unibertsitate mailan irakasle eta hezitzaileen prestakuntzan diharduten ikasle eta irakasleentzat. Bestalde, hizkuntza politikan, soziolinguistikan edota beste lurraldeetako hizkuntza-kooperazioan dihardutenentzat ere interesekoa izango da.