Euskara Ibiltaria Aurkezpen-ekitaldia

otsaila
28
ostirala
19:00
2020
Erakusketa gela

Euskaltzaindiarekin elkarlanean, Gasteizko Udalaren laguntzarekin eta Laboral Kutxaren babesarekin, Euskara Ibiltaria erakusketa izango dugu ikusgai otsailaren 28tik apirilaren 26ra bitartean Montehermoso kulturunean-Oihaneder Euskararen Etxean . Otsailaren 28an, arratsaldeko 19:00etan irekiko da.

Euskara Ibiltaria Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa oinarritzat duen erakusketa ibiltaria da, eta argitalpenak bezala, helburua euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.

Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.

Zentzumenek ere presentzia duten erakusketa da: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa eta, azkenik, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, garai bateko (XIX. eta XX. mendeak) bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.

Erakusketaren ordutegia:

  • Asteartetik ostiralera: 17:00-20:00
  • Larunbatetan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00
  • Igandeetan: 11:00-14:00

Erakusketa fisikoaz gainera, Euskaltzaindiaren webgunean ere izanen da Euskara ibiltaria ezagutzeko aukera, hain zuzen, lotura honetan klikatuz: https://www.euskaltzaindia.eus/euskara-ibiltaria