Erbeste, edo saihets baten aldarrikapena Anodino Teatroa

abuztua
31
osteguna
20:00
2017

Badatoz bigarren urtez Falerina lorategira Irri-Barra gauak umore antzerki eta bakarrizketa saioak. Aurten  abuztuaren azken egunean, 31n, eta irailaren lehenengoan izango dira, iluntzeko 20:00etan.

Iazko harrera ona ikusita, aurten berriro ekin diogu antzerki umoretsua antolatzeari. Horretarako arlo honetan erreferentzia den Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdira begiratu eta jaialdi horretan saritatuko bi lanak hautatu dira.

Lehenengo egun honetan Anodino Teatroa antzerki taldearen Erbeste, edo saihets baten aldarrikapena antzezlana egongo da, Aitor Fernandino eta Getari Etxegarai aktoreekin.

Istorio honek Eva eta Adanen istorioa kontatzen du baina Evaren ikuspegitik. Izan ere, bidean hainbat gezur, gaizki-ulertze eta egi ustelak aurkituko ditugu eta orduan kontatu diguten Paradisua… Paradisua izaten jarraituko du?

Historiak ez du beti denon alde jokatzen. Eta hau da, hain zuzen ere, Eva-ren susmoa. Beraz, Adan-ekin hitz egitea erabaki du eta mendez mende barruan gorde behar izan duen hori guztia askatuko du. Noski ez duela ezer Adanen aurka; gizon trakets, zeharo matxista eta gustu txarrekoa izateaz gain, ez dio (ia) ezer txarrik desio.

Anodino Teatro komedia gazi-gozoaz baliatuko da gaur egun emakume eta gizonen artean mantentzen diren ezberdintasunak salatzeko. Matxismoaren sustraia bilatzen historiaren hasierara joan dira, eta hantxe aurkitu dute Adanen paradisua eta Evaren infernua.

Ikuskizun honek 2017ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren lehen saria lortu zuen.