Iazko azaroaren 7an Gasteizko gazteen artean euskarazko kultur sormena sustatzeko Batera deialdia jarri zuen martxan Oihaneder Euskararen Etxeak. Hainbat proiektu proposamen jaso ziren, eta horietako hiru diruz laguntzeko erabakia hartu zuen epaimahaiak: Bizimundua, Tinta eta grafito artean: musak eta Erroak.
Behin epaia ezagututa, crowdfunding kanpainak prestatu, martxan jarri, eta osasun egoeraren zailtasunak lagundu ez arren, helburu ekonomikoa lortu eta ederto garatu zituzten aipatu kanpainak hiru proiektuetako arduradunek: Itziar Uriartek (Bizimundua), Irune Zabaletak (Tinta eta grafito artean: musak) eta Sergio Azkaratek, Irati Lekuek, Itziar Hormillak, Nefer Olaizolak eta Erlantz Matak (Erroak).
Azken hiru hilabeteak proiektuak gauzatzeko erabili dituzte Itziarrek eta Irunek, beraz, liburu bana ekarriko dute besapean; baina taldeka aurkeztutako gazteek, Covid-19aren pandemia dela-eta, ezin izan dute aurreikusitako dokumentala bere osotasunean grabatu, beraz trailerra baino ezingo dute ekarri Oihanederrera.
Nahiz eta ez-ohiko egoera honek prozesu osoa zaildu, nola edo hala lortu da proiektuak aurrera ateratzea edo gutxienez, martxan jartzea eta ekainaren 30ean aurkeztuko dira Oihaneder Euskararen Etxean.
Bertan izango gara antolatzaileak, babesleak eta sortzaileak, hau da, Oihaneder Euskararen Etxea, Laboral Kutxa, Vital Fundazioa, Itziar Uriarte, Irune Zabaleta, Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata.
OHARRA: egoera berezi honetan ekitaldi itxia antolatzeko beharrean gaude, eta soilik crowdfunding kanpainetan laguntzaile izan ziren lagunak etorri ahal izango dira aurkezpenetara. Horrez gain, segurtasun distantzia mantendu beharko da, eta maskara erabili.