BERRIA egunkarian gaizki irakurritako albisteekin erakusketa osatu dute Edu Zelaieta idazleak eta Eneko Ugarte artistak, biak ala biak gasteiztarrak. Elkar elikatu dute artistek, eta Berria egunkaritik jan eta edan oturuntza ederra erditu arte.
Basque misreadings: halakoak gertatu dira, halakoak gertatu zaizkie. Eta horien berri eman nahi dute; lehenik, gonbidatu bereziak (Ane Gebara eta Beñat Goitia) izango dituen inaugurazio-ekitaldi diziplinarteko baten bidez; ondoren, Oihanederren ikusgai eta jostagai egongo diren piezen bidez.
“Urteak dira Berria egunkaria etxean jasotzen dugula, paperean nola pantailan. Eta urteak dira, segur aski, zenbait lerro gaizki begietaratzen ditugula. Badirudi gure gogoak jostatzeko asmoa duela hitzekin, eta gaizki irakurritako horiei, akatsei, etekina atera nahi diela”.
Biografia (egoki) pixka bat
- Eneko Ugarte Gancedo (Gasteiz, 1970). Margolaria eta ilustratzailea.
- Edu Zelaieta Anta (Gasteiz, 1973). EHUko irakaslea, idazlea, itzultzailea eta Mugaldekoak taldeko kidea.
Bikote artistiko gisa, zenbait lan aurkeztu dituzte azken urteotan:
- Edu Zelaietak idatzitako Ispilu biluziak (Pamiela, 2016) liburuan oinarrituta, poesia eta pintura uztartzen zituen performancea
- Amets anfibio (Ibaizabal, 2018) haurrentzako liburua, Eduk idatzia eta Enekok ilustratua
- Eduk idatzitako eta Enekok ilustratutako Mundutik mundua (Pamiela, 2019) liburuan oinarrituta, literatura eta marrazketa uztartzen zituen performancea
Erakusketaren ordutegia:
- Asteartetik ostiralera: 17:00-20:00
- Larunbatetan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00
- Igandeetan: 11:00-14:00