Aitziber Garmendia

azaroa
08
Asteazkena
19:00
2017

Aukera bazenu, zer galdetuko zenioke Aitziber Garmendiari? Bere abestirik gogokoena zein den jakin nahiko zenuke? Bere objektu kuttunak ezagutu? Elkarrekin askaldu? Zatoz SolasAlean elkarrizketa irekira eta bota zure galdera!

Aitziber Garmendia (Zaldibi, 1982) aktore eta umorista ezaguna dugu. Pantaila txikian Sorginen laratza, Martin, Finlandia eta Batek daki saioetan ikusi izan dugu, besteak beste. Pantaila handian Txarriboda, Alaba zintzoa, Mugaldekoak edo Ocho apellidos vascos filmeetan egondakoa da. Eta antzerkian egindako lanen zerrenda ere ez da makala, esaterako: Hitz egin dezagun sexuaz, Irrikitan, Xomorroak, Emakumeak izarapean,Baginaren bakarrizketak, Kafka eta panpina bidaiaria…

Elkarrizketa irekia 19:00etan izango da Ortuño aretoan. Oraingo honetan Jon Sanchez Hala Bedi irratiko Hizpidea saioko gidariak eta Itsaso Estarrona ALEAko kazetariak gidatuko dute saioa. Betiko lez publikoak nahi beste galdera egin ahalko ditu. Elkarrizketan esandakoak ALEAn argitaratuko dira. Sarrera irekia da lekua bete arte.

SolasALEAn Oihanederrek eta ALEA komunikabideak elkarlanean egindako ekimena da, hilero arlo anitzetako pertsonak modu hurbil eta atseginean gehiago ezagutzeko aukera ematen duena. Kazetarien-elkarrrizketa gidarien galderez gain, publikoak egindakoak ere erantzuten dituzte gonbidatuek. Orain arte Gorka Urbizu, Garbiñe Biurrun, Kike Amonarriz, Josebe Iturrioz, Ane Irazabal, Juan Jose Ibarretxe, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx ”, Maialen Lujanbio, Gemma Zabaleta, Iñaki Perurena, Zuriñe Hidalgo, Jone GoirizelaiaAlberto Zerain, Sabin Salaberri, Jokin Bildarratz, Toti Martinez de Lezea eta Andoni Egaña izan ditugu gurean SolasAlean.