Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Frisiera

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 3. ikasturtean 6 hizkuntza aurkeztuko dira: Europako frisiera eta kaxubiera, Amerikako kokamera eta txerokiera eta zeinu hizkuntzak eta esperantoa.

Gaurkoan frisieraren txanda izango da Durk Gorter soziologo eta ikerlariaren eskutik. Salbuespen gisa hitzaldia gazteleraz izango da.

Frisiera Holandan, Alemanian eta Danimarkan mintzo den hizkuntza edo hizkuntza talde germanikoa da, ingeleraren adarretik gertuen dagoena, hain zuzen ere. Holandan ditu hiztun eta babes gehien eta hango aldaeraren berri emango digu Durk Gorterrek. Galera prozesuan dagoen hizkuntza da, nahiz eta Herbereheetako Friesland probintzian egoerari buelta ematen ari diren.

Durk Gorter ikerlari herbehereetarra da, soziologian lizentziatua. 1993ean doktoratu zen giza zientzietan Amsterdameko Unibertsitatean. Amsterdameko Unibertsitatean Soziolinguistika Saileko arduraduna eta Fryske Akademy-ko kide eta kudeatzailea izan zen. Hainbat ikerketa-saretako kide eta koordinatzaile da, eta 30 urteko esperientzia luzea du hizkuntza arloko ikerketetan, bereziki, eleaniztasuna, Europar hizkuntza gutxituen konparazio ikasketa eta hizkuntza paisaia gaiak jorratuz. Horren adibidea dira urte hauetan guztietan kaleratutako artikulu eta liburu mordoa, asko eta asko Jasone Cenoz irakaslearekin batera. 2008tik EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko ikerlari dihardu Ikerbasque programaren eskutik.

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du. Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira.

Saio guztietan (12 ordu) parte hartzen duten pertsonek ziurtagiria jasoko dute. Horretarako izena eman behar da hemen.

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, Irlandako gaelera, gaskoiera eta Guernsey uharteko guernseyera, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa eta lenkera, Asiako kurduera eta hokkienera eta Afrikako tamazightera hizkuntzak landu dira (ikusi zikloaren bloga).