Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » “Biziminez” dokumentala

“Biziminez” dokumentala

Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloaren baitako udazkeneko bigarren saioan AEBetara egingo dugu jauzi. Horrekin batera Josu Iztueta bidaiari amorratuarekin hitz egiteko aukera izango da.

Biziminez dokumentalean bidezidor eta errepide zabaletatik, bizi-minez egiten den bidaia kontatzen dute Josu Iztuetak (protagonista) eta Pablo Dendaluzek (zuzendaria). Bi lagun kanpoko nahiz barneko paisaiei begira: Josu Iztueta eta Antxon Arza, bi adiskide AEBko errepidean “amets txiki bat betetzen”. Errepideko zeharkaldia bera baino garrantzitsuagoa da barne bidaia: oroitzapen eta bizipen eder eta ez hain ederrak, jolasak, eta negarrez eta umorez gaindituko dituzten bidean aurkitutako oztopoak.

Bizitzari buruzko gogoeta sakona, bi adiskideren erretratu zintzoa, bizimina transmititzen duen road movie hunkigarria.

Josu Iztuetak 1982 urtean autobus bat erosi zuen Sahara gurutzatzeko, eta harrezkero horri pegatuta bizi izan da bidaia bereziak eginez. 30 urtez Nairobitarra proiektuari esker 1.500 petsona baino gehiago eraman ditu Europa, Afrika eta Amerikatik. Groenlandian eskiatu du, Laponia eta Kalifornia bizikletaz egin ditu, Nilo, Baltiko eta Mediterraneoa piraguan zeharkatu ditu, eta soilik berak kontatu ahal dituen beste hainbat istorio bizi izan ditu. Berak definitzen duen moduan, “bidaia nondik norakoa baino gehiago da, kuriositatea, jakinmina, ilusioa, errespetua, komunikazioa eta ikasteko gogoak ere beharrezkoak dira.; hortik aurrera datorrena datorrela!”

Antxon Arza 18 urterekin hasi zen lanean haitz eta izotz monitore,  eta iraupen-eskiko monitore moduan. Bere zaletasunak eskalada, ibaien jaitsiera eta espeleologia izan dira betidanik. Piriniotar ibai ugarien jaitsieran aitzindaria izateak TVEko “Al Filo de lo Imposible” saioan espezialista bezala lan egitera eraman zuen 2000. urtera arte. Orduan Venezuelako Yuruani ibaian egindako 15 metroko salto batean bi orno apurtu zituen, eta istripu harek gurpil aulki batean utzi zuen.

Dena den, horrek ez dio galarazi bere bizitzarekin jarraitzea: “lehen zutik eskiatzen nuen, orain jesarrita, lehen maratoi erdia egiten nuen, orain Getaria–Zarautz lasterketan parte hartzeko igeri egiten dut, lehen mendira ibilitzen nihoan, orain quad batean… pozik nago taldean naturaz gozatzen jarraitu ahal izateko bigarren aukera bat izateagatik” azaltzen du. Gaur egun baloreetan sakontzeko konferentziak eskaintzen ditu enpresetan, eta hauei esker Speak Manager saria lortu zuen 2010.ean.

Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa 2016an abiatu zen GEU elkartearen ekimenez. Iaz Oihaneder Euskararen Etxea batu zen, eta ordutik elkarlanean antolatzen da. Ziklo honen bitartez hilabetero euskarazko film-dokumental bat eskainiko da. Salbuespenak-salbuespen, emanaldiak asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19:00etan. Emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.