Soziolinguistika hiztegi txikia: Arabatik Euskal Herrira “Hausnartu”

2019-01-10 / oihaneder

Oihaneder Euskararen Etxeak  Soziolinguistika hiztegi txikia izeneko ikastaro berria eskainiko du; euskara ardatz, UEUrekin elkarlanean antolatutako hirugarrena honezkero. Oraingoan Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu deialdian saritutako hainbat soziolinguistika lan aurkeztuko dira, Arabako ukituarekin. Urtarriletik maiatzera bitartean, hilean behin, bost gai landuko dira: kultura, komunikazioa, hezkuntza, hizkuntza eta kulturartekotasuna. Izen ematea zabalik da jada. Ikastaroa urtarrilaren 29an abiatuko da, kultura protagonista, Manex Agirre eta Josu Amezagaren eskutik.

Ikastaro berri hau antolatzeko Soziolinguistika Klusterrak egiten dituen Hausnartu sariengan jarri da arreta. Deialdian saritutako lanek maila tekniko eta metodologiko gorenean lantzen dituzte gaiak. Euskal gizartearen interesekoak direla iritzita, ikerketa eta ezagutza soziolinguistikoa gizartearen esku modu dibulgatibo eta erakargarrian jartzea da asmoa, gaiak tokiko euskaldunari gerturatuz.  Saritutako lanak Gasteiz eta Arabara hurbiltzeko eta tokiko ikuspegia emateko, Hausnartu sarituarekin batera bertako hizlari batek hartuko du parte.

Soziolinguistika hiztegi txikiak bost arlo jorratuko ditu: kultura, komunikazioa, hezkuntza, hizkuntza eta kulturartekotasuna, beti ere euskara ardatz. Bost saio eta hamar hizlari izango dira eta horietako bakoitzak ekarpen interesgarri bat egin dio euskarak arlo horietan dituen erronkei eta arazoei. Ikastaroaren helburu nagusia kezka horiek gizarteratzea eta denon artean hausnarketa kolektiboa egitea da.

Urtarrilaren 29an Manex Agirrek (Gorbeialdeko Kuadrillako euskara teknikaria eta bertsolaria) eta Josu Amezagak (EHUko ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko zuzendaria, eta NOR Ikerketa Taldeko burua)  kultura izango dute ardatz. Agirrek “Arabako bertso eskolak, gazteek hitza hartzeko guneak” izeneko hitzaldia eskainiko du.  Amezaga ”Euskarazko kulturaren kontsumoa ulertu nahirik’‘  izenpean arituko da.

Otsailaren 26an komunikazioaz arituko dira Gartzen Garaio, Aitor Zuberogoitia eta  Goio Arana. Martxoan hezkuntza izango dute aztergai Leire Diaz de Gereñuk eta Naiara Berasategik. Apirileko saioa hizkuntzaren inguruan ardaztuko da Txerra Rodriguez eta Galder Unzaluren eskutik. Bukatzeko, Amelia Barquín eta Mario Zapata kulturartekotasunaz arituko dira maiatzean.

Saioak hileko azken astearteetan izango dira 19:00etatik 20:30era bitartean. Lehen saioa, urtarrilaren 29koa, irekia izango da, baina ikastaro osoan parte hartzeko izena eman behar da. Izen ematea zabalik dago jada. Ikastaro osoak 30 €ko prezioa du. Saioek banaka  10 €ko prezioa dute. Amaieran parte-hartze ziurtagiri homologatua emango da.

  • Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro moduan homologatzeko eskaera egin, eta onartua izan da.

          Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak lortu ditzakete, baliozkotzea ikasleak bere fakultatean eskatu behar du.

  • EHUren Letren Fakultatean 0,25 ECTS aitortuko dira.