Uda garaia aberatsa izan da Oihanederren, bai jardueretan baita jendearen erantzunean. Iragarritako jarduera guztiak egin ahal izan dira, eta ikusle ugarik gozatu dute udako egitarauaz: jendea kultura gosez dagoen seinale. Udazkenean ere euskal kulturaren jarraitzaileek kulturaz edaten eta babesten jarrai dezaten, programazio anitza osatu da urtaro berrirako, denak eskuragarri, guztiak erakargarri: kontzertuak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, jardunaldiak, ikuskizunak, filmak, deialdiak… Irailaren 24an emango zaio hasiera denboraldi berri honi Kokein talde eibartarrarekin.
Uda oparoaren ostean beti datoz ikasturte berria eta udazkena, elkarri lotuta, elkarren beharrean, eta elkar hartuta.
Gurean ere uda aberatsa izan da bai jardueretan bai publikoaren erantzunean. Jarduera anitz ugari iragarri ziren, eta baita gauzatu ere, baina interesgarriena publiko ezberdinen erantzuna izan da: jendea kultura gosez dago, Oihanederren jarraitzaileek kulturaz elikatu eta babestu nahi dute. Kultura balore segurua da pandemiarik arriskutsuenari aurre egiteko, beldurra uxatzeko, eta horri heldu nahi zaio Oihanederren ere: kultura jorratzeari, hedatzeari eta elkar babesteari.
Beraz, udazkena benetako uda-goien segurua izan dadin, datorren astetik aurrera eta abenduaren 20ra bitartean mota askotako jarduerak antolatuko dira publiko ezberdin ugari euskal kulturara erakartzeko asmotan, denak eskuragarri, guztiak erakargarri: kontzertuak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, jardunaldiak, ikuskizunak, filmak, deialdiak…
Irailaren 24an emango zaio hasiera denboraldi berri honi eta horren ardura gonbidatu ezin hobeak izango du: Kokein talde eibartarra izango da Oihanederren, taldeak 20 urte bete dituen honetan. Normalean distortsioa eta soinu gogorra ezaugarri dituzten kantuen bertsio akustikoak egingo dituzte eta horretarako taldea osatzen duten bost kideetatik hiru soilik igoko dira taula gainera: Zaloa, Jatsu eta Iker. Baina elektrikoan bezala azala utziko dute beren kantak emateko orduan.
Aipatu behar da Oihanederren webgunea izango dela eguneratuta egongo dena behin betiko informazioarekin, pandemia egoerak sortzen dituen azken orduko egokitzapenak bertan eguneratuko dira honenbestez. Aldi berean, jarduera bakoitzaren informazio xeheagoa datak heldu ahala jakinaraziko dira.
Bestalde, ematen duenez pandemia honek eragindako neurrietara ohitzen joan beharko da Oihanederren ere, eta luzaroko kontua izango dira bai musukoa, bai aretoen edukiera mugatua. Beraz, udan zehar martxan jarritako neurri eta arau ezberdinekin jarraitzea ezinbestekoa izango da.
Honi lotuta, udazkeneko programazioko jarduerak doakoak izanik ere (Hitz Adina Mintzo ez beste guztiak), gonbidapena aurrez eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita (oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota oihaneder.eus bidez eskuratuta).