Udaberrian familientzako sormen lantegiak egingo dira Oihanederren

2022-03-25 / oihaneder

Dona Dona Katona zikloaren edizio berri bat antolatu da Oihanederren udaberrirako. Hiru lantegi eskainiko dira ziklo honen baitan, hirurak etxeko txikiei eta gaztetxoei zuzenduta. Lantegiek familia giroan euskararen erabilera sustatzeko guneak eskaintzea dute helburu.

Apirileko, maiatzeko eta ekaineko hiru ostiraletan izango dira lantegiak eta ordu eta erdiko iraupena izango dute, 17:30etatik 19:00etara:  

  • Apirilaren 8an, Udaberri birziklatua: naturak eskaintzen dituen baliabideak erabilita, udaberriko elementu ezberdinak sortzeko aukera izango dute lantegi honetan
  • Maiatzaren 20an, Poltsak eta arropak kolorez jantzi!: udaberriko kolore biziak erabilita, poltsak eta arropak apaintzeko lantegia izango da hau.
  • Ekainaren 17an, Eguzki loreak eta San Juan sua: eguzkilore magikoa nola sortu ikasteko parada izango dute.

Apirileko lantegia 4 eta 8 urte bitarteko txikientzat izango da, ekainekoa lantegiak 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat eta maiatzekoa, berriz, 4 eta 10 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta egongo da.

Hiru lantegiak Gela horiako kideek dinamizatuta egongo dira, Oihanederrek Gasteizko eragile kulturalekin elkarlana sustatzeko duen helburuari eutsita. Gela horia, 2020ko abenduan ireki zen sormen-gunea da, eta astero adin desberdinetara bideratutako ekintzak gauzatzen dituzte.

Doako lantegiak dira hirurak, baina parte-hartzaile kopurua mugatua izango denez, izena eman beharko da aurrez. Bi asteko aurrerapenarekin irekiko da izen-ematea Oihanederren webgunean.