Taulara mikroantzerki lehiaketak baditu irabazleak

2022-02-08 / oihaneder

Oihaneder Euskararen Etxeak, Laboral kutxaren laguntzaz, Taulara, mikroantzerki lehiaketa antolatu du bigarren urtez jarraian. Antzerki munduko norbanakoei eta taldeei zuzendutako deialdia da hau, eta euskarazko antzezlan laburren sormena suspertu nahi du.

Lehiaketako bigarren edizio honetara kalitate handiko zortzi proposamen aurkeztu dira. Nabarmentzekoa da aurten proposamen arabarrak nagusitu direla, zortzi horietatik bost lurralde honetatik jaso baitira, beste bi Gipuzkoatik, eta bakarra Bizkaitik.

Gainera, epaimahaiak sari ezberdinak jasotzeko aukeratu dituen hiru lanak ere arabarrak izan dira.

Hauxek, hain zuzen ere:

  • Ezkaba 1938. Benan Oregi Iñurrieta
  • Oroitzapen gorriak. Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianes
  • Titapia. Anaiz Mendiboure eta Iratxe Gallardo

Epaimahaiak kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdi honetarako beren-beregi sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia, eta emakumeen eta 35 urtetik beherako gazteen presentzia hartu ditu irizpidetzat lan sarituak aukeratzeko orduan.

Hiru irabazleek 8 asteko epea izango dute haien lanak prestatzeko, eta martxoaren 27an aurkeztuko dituzte Oihanederren.

Aurkezpenaren egunean publikoaren saria (500 €) jasotzeko aukera izango du hiru lan hauetako batek.