Familiei zuzendutako tailerretan izena emateko epea luzatu da

2017-05-26 / oihaneder

Familiei zuzendutako Kli-kla Birzikla eta musikoterapia tailerretan izena emateko epea luzatu egin da, ekainaren 1era eta 8ra arte, hurrenez hurren.

Kli-kla birzikla izeneko birziklatze tailerra ekainaren 3an egingo da. Etxean dauzkagun material ezberdinez baliatuz eta irudimena landuz jostailu, apaingarri eta panpinak sortzeko lantegia izango da. Tailer honetan izena emateko epea ekainaren 1ean amaituko da.

Musikoterapia tailerra ekainaren 10ean izango da.  Musikoterapeuta profesional baten laguntza baliatuz, musika eta euskara erabiliz guraso eta haurren arteko harremanak sustatuko dira. Saio honetan parte hartzeko epea ekainaren 8an bukatuko da.

Tailerrak goizeko 11:30ean hasiko dira eta ordubete eta ordu eta erdi arteko iraupena izango dute.

Izena emateko honako inprimakia bete behar da. Tailerrak doakoak dira.

Parte hartuko duten umeek gutxienez 4 urte izan beharko dituzte eta gurasoetako batek (ez biek) lagunduta etorri beharko dira. Tailer bakoitzean  24 lagunentzako tokia egongo da gehienez, 12 ume eta 12 guraso. Plazak esleitzerako orduan izena emateko hurrenkera errespetatuko da. Familiek tailer ezberdinetan izena emateko aukera izango dute. Saioak euskara hutsean izango dira, beraz parte-hartzaile guztiak (gurasoak eta umeak) euskaraz ondo moldatzea ezinbestekoa da.