Sormen eskolaren lehen uzta: bertso emanaldia! Zuk ere batu nahi?

2018-11-03 / oihaneder

Gazte sortegiak sormen eskola urriaren 1ean abiatu zen Oihane Pereak emandako bertsolaritza sortegiarekin. Azaroaren 5ean gazteek bertso sortegian ikasitakoak plazaratzeko emanalditxoa eskainiko dute, atrioan 18:00etan. 

Ostean Jon Basagurenek musika emango du eta jada 2019an Unai Lopez de Armentiak antzerki-dantza tailerra esakiniko du eta Maider Oleagak ikus-entzunezkoen laborategia. Eskola astelehenero egingo da, 17:00etatik 18:30 bitartean, apirilera bitartean.

Dagoeneko taldea osatu bada ere, oraindik izena eman daiteke. Musika sortegiarekin hasita, azaroaren 12an, eskolak 75 €ko prezioa du.

 

 

 

 

 

 

14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, “Gazte sortegiak” sormen eskolak apirilean Kanpezun egindako sormen egonaldiari jarraipena emango dio. 18-19 ikasturteko urritik apirilera bitartean garatuko da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, arratsaldeko 17:00-18:30 artean, zehazki. Eskola borobiltzeko, amaieran sormen asteburua egingo da.

Egitasmoak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du. Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimena da, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Topaguneak sustatuta eta Gasteizko Udalak, Arabagara elkarteak, Arabako Foru Aldundiak, Vital Fundazioak eta Laboral Kutxak babestuta.

Bertsolaritza, musika, antzerki-dantza eta ikus-entzunezkoen laborategiak:

Ikasturtean zehar 4 sormen laborategi landuko dira, eta ikasitakoak praktikan jartzeko, eskola amaitzean, udaberrian, sormen asteburua egingo da Arabako herri batean.

Urriaren 1etik azaroaren 5era Oihane Pereak, Arabako  Bertsozale Elkarteko eragilea eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean. Unai Lopez de Armentiak, antzerkilaria eta Baratza aretoko arduraduna, antzerkia eta dantza uztartuko ditu Antzerki–dantza laborategian, 2019ko urtarrilaren 7tik  otsailaren 11ra. Bukatzeko Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, otsailaren 18tik apirilaren 1era.

Izen-ematea:

Dagoeneko taldea osatu bada ere, oraindik izena eman daiteke. Musika sortegiarekin hasita, azaroaren 12an, eskolak 75 €ko prezioa du.

Parte hartu nahi dutenek inprimaki hau bete beharko dute. Sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez ere eman daiteke izena izen-abizenak,  NAN-a, jaiotze data, ikastetxea, herria eta auzoa eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. 

Sormen egonaldiaren arrakastaren bidetik:

Oihane Perea gustura oso ibili zen egonaldian eta argi zuen ezin zuela sormen eskolan hutsik egin “adin horretan gauzak probatzeko eta sormen jolaserako neukan grinaz akordatu nintzen egonaldian. Euskara nuen bihotzeko hizkuntza, baino sormenak lehen planora ekarri zuen. Geroko nere hizkuntza hautuan erabakiorra izan da bertsolaritza. Euskaraz lana gozatu, harremandu, sortu eta bizitzea lortu nuen. Asko bete nau horrek. Egonaldiko gazteekin hori konpartitu eta berbizitzea mundiala izan zen. Eta aldi berean haiek antzeko prozesu batean ikustea: opari bat.”

Egonaldian egondako eta eskolan dagoeneko izena eman duen Izaro Fagundez gazteak uste zuena baino askoz gauza gehiago egin ditzazkeela ikasi zuen egonaldian; “hasieran uste nuen ez nintzela gai izango gauza asko egiteko, musika kontuan adibidez, ez dut intrumenturik jotzen eta. Baina ez da horrela izan, instrumenturik jo gabe ere musika sortzeko eta musikarekin harremana izateko modu asko daudela ikasi dut, sormena erabiliz hainbat gauza egin daitezkeela ikasi dut. Gainera, orain gauzak egin eta sortzeko askoz motibatuago nago.” Bere antzeko gustu eta interesak dituen jende interesgarria ezagutu izanagatik pozik dago Izaro eta eskolan are jende gehiago ezagutzea espero du. “Eskolan parte hartzera animatu naiz, egonaldiko bost egunetan gauza asko ikasi nituenez, urte guztian zehar sormen eskolan asko ikasiko dudala uste dudalako. Gainera, sormen eskola aisialdia euskeraz bizitzeko aukera paregabea da, eskolaz kanpoko ekintza gehienetan ez dagoen aukera”.

Maider Oleagaren iritziz “gaur egungo gazteengan sormena sustatzea beharrezkoa” da eta euskararen bitartez egitea “funtsezkoa”. “Sorkuntza euskaraz lantzea berebiziko garrantzia dauka, hizkuntza bera delako sortzeko tresna, mundua izendatzen duen heinean. Gure-gurea den modu batean sortzen dugu, zentzu batean. Egonaldian euskara egunerokotasunaren erdian egotearen gozamena bizitu genuen”. Oleagak 18 urterekin zuzendu zuen bere lehenengo film laburra; “hori baino lehen zinemarekiko grina hor zegoen, baina ez nuen garatzeko tresnarik izan. Oso garrantzitsua da horrelako sugarrak, agian izen gabeko jakingurak, garatzeko espazioak eta egoerak eskaintzea”.

Irune Santamaría gazteak dioenez, sormen egonaldiak “arte mota desberdinak ezagutzea, haietan trebatzeko irrika eta haien arteko erlazioa duten proiektuak sortzeko aukera eta gogoa” ekarri zion. “Giro ezinhobe horretan elkar-bizitzea, denok batera egitea guztia eta euskaraz askoz gehio berba egitea” nabarmendu ditu Oihana Hernando parte-hartzaileak.